Liburutegiak: espazio libre eta irekiak
Liburutegien Eguna da urriaren 24a, eta egunerako ekintza desberdinak antolatu dituzte: kalejira eta liburu zein ipuinen zozketa.
Urriaren 24a da Liburutegien Eguna, eta, aurten ere, gune horien garrantzia azpimarratzeko aprobetxatuko du Gernika-Lumoko Kultur Etxeak. Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleek kalejira egingo dute, eta denentzako zozketa baten bidez, liburutegiko liburu edota ipuinak banatuko dituzte.
BiblioTEcuida lelopean, hainbat motatako liburutegiek “espazio libre eta ireki” modura duten eginkizuna nabarmenduko dute, tartean Gernika-Lumokoak. Izan ere, hainbat zerbitzu eta baliabideren bidez, erabiltzaileen beharrei erantzuteaz arduratzen dira liburutegiak. “Liburutegiak herritar guztiei irekita daude, eta euren komunitateen zerbitzurako funtsezko zutabe dira”, azaldu dute arduradunek.
Diotenez, liburutegiek era askotara artatzen eta zaintzen dituzte herritarrak: “Irakurketa sustatzea da lehenengoa: liburutegiak irakurtzeko guneak dira; laguntzen duen irakurketa, entretenitzen duena eta aberasten duena aurkitzen diren lekuak”. Halaber, irakurketak “funtzio sendagarria” duela diote, “bai gaitasun kognitiboen garapenean eta mantentzean, bai ongizatean, bai osasun mentalean”.
Pertsonak zaintzeko “oinarri” dira liburutegiak, eta, horregatik, bere egin dute 2030 Agendaren ideia, “inor atzean ez uztekoa”. Horretarako, jarduera bereziak programatzen dituztela diote, besteak beste, komunitateari laguntzeko ekintzak, sorkuntza kolektiboa bultzatzekoak, kultur ekintzak sustatzekoak, kolektibo bereziei zerbitzu ematekoak, aniztasunari arreta jartzekoak edota errefuxiatuei harrera egitekoak.
Jarduerak.
18:30. Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitixa eta txistulariek liburutegi gunean kalejira egingo dute.
Gero. Guztiontzako zozketa. Saritzat, ipuinak eta liburuak, doan aukeratzekoak.