Pablo Gonzalezek jaso du Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria
Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak Euskal Kazetaritza Sariak eman ohi ditu urtero, eta, aurten, Pablo Gonzalez saritu dute. Gogoratu dute oraingoz ez direla ezagutzen egozten zaizkion delituak zeintzuk diren: "Egoera irregularra bizi du".
Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak Euskal Kazetaritza Sariak eman ohi ditu urtero, eta, aurten, Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarrari eman diote Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell Saria.
Zazpi hilabete baino gehiago dira Gonzalez Polonian espetxeratuta dagoela, inkomunikazio erregimenean, eta bi erakundeek Gonzalezek bizi duen egoera salatu dute. Gainera, gogoratu dute oraingoz ez direla ezagutzen egozten zaizkion delituak zeintzuk diren: “Egoera irregularra bizi du, gure lanbidean aritzeko beharrezkoak diren giza eskubideen eta adierazpen askatasunaren aurkakoa”.
Euskal Kazetaritza Sarien lehenengo edizioan, 2008an, Elena Tregubova kazetari errusiarrak jaso zuen saria, Kremlinen kazetaritzatik aldentzeko presio handiak jasan ondoren eta lehergailu batek bere etxearen aurrean eztanda egin ondoren, AEBra erbesteratu behar izan zuelako. Bigarren edizioak (2010) Terry Gould kazetari eta idazle amerikarra saritu zuen, eta hirugarrenak kazetari mexikarren kolektiboa (2015). 2016ko laugarren edizioan, Turkiako kazetariak saritu zituzten, eta, bosgarrenean, Gervasio Sanchez (2017). Gero, Carmen Sarmiento (2018), Mugarik Gabeko Erreportariak (2019) eta Rosa Maria Calaf (2020) saritu zituzten. Iaz, bederatzigarren edizioan (2021), David Beriain eta Roberto Fraile izan ziren sarituak.