Mamadou Dia: "Saiatzen naiz senegaldar gazteak hemengo eraldaketa sozialean parte hartzera bultzatzen"
3052 dira Dakar eta Murtzia banatzen dituzten kilometroak. Bide hori egin zuen 2006an Mamadou Diak, eta kilometro kopurua izenburutzat duen liburua aurkeztu du gaur, euskarara itzuli baita. Behin baino gehiagotan eman du liburuaren berri Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, baina gaur da '3052 liburua' euskaratu ostean, egin duen lehen aurkezpena, eta "oso pozik" dagoela adierazi du.
Duela hamarkada bat idatzi zenuen 3052 liburua. Senegaletik Murtziaraino egin zenuen bidea jasotzen du. Zer bilatu duzu liburuagaz?
Liburua 2012an argitaratu zen lehen aldiz Murtzian, garai hartan bizi nintzen lekuan, eta Espainiara ailegatzeko egin nuen bidaiaz berba egiten du. Gaur egungo milaka gazte afrikarren bidaia da, nik bidaiatu nuen modura bidaiatzera kondenatuta daudenena. Kaiuko bat hartu nuen Espainiara joateko 2006an, baina ez nuen hala bidaiatu gura izan, ezta Espainiara joan ere. Ikasketak Frantzian amaitu nahi nituen, eta bi aldiz eskatu nuen horretarako baimena, baldintza egokietan bidaiatzeko, alegia. Baina bisatua ukatu egin zidaten, Afrikako milaka gazteri ukatzen dieten bezala, eta bidaiatzeko modu arriskutsura kondenatu ninduten. Liburuak hori kontatzen du.
Bidaia gogorra izan zen Murtziaraino ailegatzeko egin behar izan zenuena.
Normalean, gure migrazioa pobreziarekin erlazionatzen da, oso egoera gogorrekin. Eta nik ez nuen nire istorioa halakoa izatea. Izan ere, bidaiaren zati bat horrelakoa da, baina ez dut nahi hori gure bidaiaren alderik nabarmenena izatea. Bidaiatzerakoan sentitzen nuena zelan sentitzen nuen kontatu gura izan nuen. Ez nuen pena transmititu gura izan, nire bizitza ez baita penagarria. Uste dut bidaia hori egiten duen jendearen bizitza ez dela penaz betetako bizimodua. Oso pertsona ausartak dira, euren bizitzari zentzua eman gura diotenak, eta ahal duten modura egin dutenak.
Bizikidetza bultzatzearen alde lanean ari zara orain.
Espainiara etorri nintzen, eta bertan bizi behar izan nituen zortzi urteak igarota, Senegalera itzuli nintzen. Orduz geroztik, Senegalen nago lanean, nire proiektuek eraldaketa sozialean eragina izan dezaten saiatzen. Saiatzen naiz senegaldar gazteak Bizkai, Araba eta Gipuzkoara hurreratzen eta hemengo eraldaketa sozialean parte hartzera bultzatzen. Bestalde, saiatzen naiz euskal gazteak Senegalera joan daitezen eta han egin nahi dugun eraldaketa sozialean parte har dezaten. Horretan dihardut azken 10 urteetan, bi errealitateak batzen.
Izan ere, bizikidetza hori sustatzea “beharrezkoa” dela uste duzu.
Hioperkonektatuta dagoen mundu batean bizi gara. Gaur egun, normala da euskal gazte Senegalera bizitzera joatea, eta alderantziz. Errealitate horiek normalizatzea oso garrantzitsua da. Ez dut nahi pertsona batek heriotrzari aurre egin behar izatea beste herri batekin konektatuta egoteko, bi herrien arteko konexioa naturala izatea gura dut. Gure zibilizazioak milioika topaketaren emaitza dira, hori da gizadiaren oinarri. Eta errealitateak konektatzeko lanean jarraitu behar dugu.
Euskarara ere itzuli da liburua, eta Gernikan aurkeztu duzu gaur, lehenengoz.
10 urte eta gero, euskaraz argitaratu da, eta asko pozten nau horrek. Eusko Jaurlaritzarekin batera egindako lanaren emaitza dela esan beharra daukat. Euskal Herrian hainbatetan aurkeztu dut liburua, baina euskarara itzulita hau aurkezten dudan lehen aldia da. Oso pozik nago Gernikan egiteaz, leku sinbolikoa delako, bai bere historiagatik, bai bizi behar izan zuenagatik, bai erresistentziagatik, bai Gernikak mudnu mailan duen esanahiagatik.