Elkarte Eguna ospatuko dute bihar Gernikesa Txirrindulari Elkarteko partaideek. Talde argazkia, txirrindulari irteera eta elkartekideen bazkaria egingo dituzte.
Gernikesa Txirrindulari Elkarteak goizetik arratsaldera bitarteko egitaraua prestatu du biharko: Elkarte Eguna ospatuko dute. Urtero-urtero egiten dute egitasmo hori, errepideko txirrindulari denboraldiaren bukaera aldean, urrian. Aurten, 09:15ean ipiniko dute abian elkartekideek klubaren eguna: Lorategietan elkartuko dira guztiak, talde argazkia ateratzeko. Ondoren, 09:30ak inguruan, ibilbide zikloturista egingo dute; antolakuntzatik ohartarazi dute txirrindularitza irteera ez-lehiakorra izango dela, hau da, ez dela lasterketa izango.
Ziklistak Olesko auzotik aterako dira eta Laida nahiz Lagara bidea egingo dute; bertatik, Natxitura eta Eara joango dira, eguneko lehendabiziko mendatea, Bedarona, igotzeko. Jarraian, Ispastertik Lekeitiora joko dute, eta handik, ostera, Munitibarrera. Amaitzeko, Gernika-Lumora bueltatuko dira. 14:3oean, aldiz, elkartekideen eta senideen urteroko bazkaria egingo dute, Nabarniz jatetxean. Gernikesa Txirrindulari Elkartekoek txirrindularitzaz eta giro atseginaz gozatu gura duten guztiei egun osoko egitarauan parte hartzeko gonbita luzatu die.