Zurrumurruen aurka egiteko ZAS! Egunean elkartuko dira Gernika-Lumon, lehenengoz
Gernika-Lumon egingo dute topaketa zapatuan, 11:30etik 14:30era bitartean, Merkatu plazan.
Zurrumurruen Aurkako Sareak ZAS! Eguna antolatu du aurten lehenengoz, eta Gernika-Lumon egingo dute topaketa zapatuan, 11:30etik 14:30era bitartean, Merkatu plazan. Topaketaren helburu izango da ZAS! sarearen lana ezagutaraztea eta Zurrumurruen Aurkako Estrategia herritarrei hurbiltzea.
Hain zuzen ere, kulturarteko ikuspegitik, bizikidetzari eragiten dioten aurreiritziak zalantzan jartzea eta estereotipoak desegitea bilatuko dute zapatuan. “Sarearen eragin eta inpaktu sozialerako eguna izango da zapatukoa, eta gure helburua zabalduko dugu jendaurrean”, adierazi dute antolatzaileek.
Izan ere, gizarte eragile eta erakundeek osatutako sarea da ZAS!, gizartea sentsibilizatzeko estrategia bat garatzen ari dena, “xenofobiari eta diskriminazioari aurre egiteko, bizikideta hobetzeko eta kultura aniztausnaren indarra baliatzeko”. Hori horrela, sarea estereotipoak eta aurreiritziak bertan behera uzteko lanean ari da, epe luzerako estrategia baten bidez, eta hori ezagutaraziko dute arduradunek: “Estrategia asko zurrumurruak eta gezurrak ukatzen saiatzen dira, benetako datuen bidez. Garrantzitsuak dira estrategia horiek, baina ez dira nahikoa; izan ere, ikuspegi eta interpretazio esparruak aldatzeko ezinbestekoa da beste alderdi batzuk jorratzea. Funtsezkoa da sareak sortzea, sare horretako eragile edo agenteek euren ikuspegiak elkar elika ditzaten, komunitate bateko kide diren aldetik”.
Hori horrela, eta helburu horri jarraituz, adin guztietarako herritarrentzako tailerrak, umeentzako ipuin kontaketak eta gune informatiboak prestatu dituzte zapaturako. Horrez gain, Mamadou Diaren 3052 liburuari buruzko solasaldia egingo dute idazleagaz beragaz; bere migrazio prozesuaren –Senegaletik Espainiarako bidea egin zuen– gorabehera latzak kontatuko ditu.
Esperientzia askoren bategite prozesu baten emaitza da sarea, 2011an lanean hasi zena. Izan ere, zurrumurruen aurkako jarduerak urte horretan abiatu zituzten, eta 2015ean aurkeztu zuten sarea Donostian. Harrezkero, eta 2018an elkarte gisa eratu eta gero, “urte emankorrak” izan ditu, izan ere, elkar ezagutu eta konfiantzazko sareak osatu dituzte.
Egitaraua
11:30-11:40. Hasiera instituzionala eta ongi etorria.
11:30-14:30. Informazio gunea: ZAS materialen erakusketa eta bestelako informazio interesgarriak.
11:30-14:30. Speak Corner. Zurrumurruen aurkako eta aniztasunaren aldeko mezuak uzteko gunea.
11:45-12:30. Haurrentzako tailerra. ‘Soraya printzesa’ ipuin kontalaria.
11:45-14:30. Gazteentzako tailerra: Antirumours Hall Escape Matiz elkartearen eskutik.
11:45-14:30. Tailerrak guztientzat: Henna, txapak eta amazig kaligrafia AGHARAS elkartearen eskutik.
12:30-12:50. Musika.
13:00-13:20. Solasaldia: Bizkaiko Foru Aldundiak Dibertsitate Plan berriaren eta ZAS sarearekin duen aliantza estrategikoarekin egiten ari den lana azalduko du. Gainera, ZAS!en lana azalduko dute: Xurrumurren Aurkako Sareko lana eta herritarrek AntiRumor estrategiekin xenofobiaren eta arrazakeriaren aurka borrokatzeko duten ahalmena azaltzea.
13:20-14:10. Mamadou Diarekin elkarrizketa: 3052 liburuaren egilea da.
14:10-14:30. Musika eta agurra.