Euskal Jaian elkartuko dira zapatuan, Kanpantxun
Euskal Jaiak Kanpantxuko baserriak giroz eta jendez beteko ditu zapatuan, eta herritarrei zein inguruetako bizilagunei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Euskal ohiturei eta tradizioei balioa emateko eta horiek agerian uzteko eguna ospatuko dute Kanpantxun etzi. Beste behin, Euskal Jaiak giroz eta jendez beteko ditu Kanpantxuko baserriak eta plaza, eta herritarrei zein inguruetako bizilagunei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Pandemiaren ondorioz, bi urtez Euskal Jaia ospatu barik egon ostean, 11. urtez egingo dute aurten, izan ere, jaia berriro antolatzearen erabakia hartu dute Kanpantxuko bizilagunek.
Hori horrela, eguerdian hasiko dira ospakizunekin, izan ere, 12:00etan jaurtiko dute txupina plazatik. Jarraian, ohiturari eutsiz, dantzak egingo dituzte bertaratzen direnen aurrean. Eta, gero, ohitura den modura, baserriz baserri joango dira, inguruko etxebizitza bakoitzaren aurrean euskal dantzak dantzatuz eta bizilagunekin hartu emanak sustatuz.
Frontoian batuko dira herri bazkaria egiteko. Gaur gaurkoz, 50 lagun inguruk eman dute izena bazkaltzeko.
Sabela bapo bete eta gero, kirola egiteko momentua helduko zaie kanpantxukoei. Haur eta nagusientzako herri jolasak antolatu dituzte, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Jaiagaz amaitzeko, musikariek hartuko dute iluntzea.
Egitaraua
12:00. Jai hasierako txupinazoa.
Ostean. Poteoa, baserriz baserri.
15:00. Herri bazkaria.
17:00. Haur eta nagusientzako herriko jolasak.
18:30. Girotzeko musika.