Lointek Gernika Bizkaiak aurrera egingo du EuroCup Women txapelketan. Atariko kanporaketaren joaneko partiduan lortutako 40 puntuko aldeagaz abiatu zuen Phantoms Basket Boom talde belgikarraren kontrako itzuliko partidua, atzo (urriak 12), Malosten.
Anna Montañana entrenatzaile valentziarrak lehendabiziko laurdenetik aprobetxatu zuen jokalariak aldatzeko eta guztiei minutuak emateko; dena dela, Phantomsekoek ez zizkieten gauzak erraz utzi, hasieratik presioa eta abiadura eman baitzizkioten partiduari. Andrijana Cvitkovicen sarrerak eta Itziar Ariztimuñoren jokaldiek Gernika-Lumoko taldearen batezbesteko maila igo egin zuten, batez ere, hiruko jaurtiketei dagokienez. 47-25eko markagailuagaz joan ziren bi taldeak atsedenaldira.
Aldageletatik itzultzean, talde gernika-lumotarrari komunikatu zitzaion FIBA araudiak galarazi egin zuela Loroño, Idiri eta Aberasturi harrobiko jokalariek partidu horretan jokatzea. Malostera hurreratutako ikusleen eraginek begibistako egin zuten erabaki harekiko desadostasuna. Joko aldetik, baina, Lointeken errentak igo besterik ez zuen egin hirugarren laurdenean zehar; puntu alde orokorra, hain zuzen ere, 70 puntutik gora eroan zuten.
Norgehiagokaren azken zatian, Montañanak aditasun handia ipini zion jokalari bakoitzaren lan-karga fisikoa mugatzeari, taldearentzat konpetizio aste gogorra baita hau eta, gainera, denboraldia abiatu berritan: astelehenean Leganesen kontra neurtu ziren; atzo, aldiz, EuroCupen; asteburuan, ordea, Barça CBSren aurka jokatuko dute. Azkenean, EuroCupeko neurketa 92-51ko markagailu zapaltzaileagaz irabazi zuen Lointekek, eta, beraz, seigarrenez jarraian Europako txapelketan ariko dira. Hain zuzen, H taldean egongo dira, Reyer Venecia, Movistar Estudiantes eta Keltern taldeekin batera. Multzokako faseko lehen partidua Keltern alemaniarren kontra jokatuko dute, hilaren 27an (eguena).
Eskarmentudun fitxaketa. Bestalde, Lointekek Brooque Williams eskolta estatubatuarra fitxatu du aurtengo denboraldirako. Phantomsen kontrakoan jokatu ezin izan bazuen ere, egiteko esanguratsua edukiko du Williamsek. Izan ere, Europan jokatzen eskarmentuz jantzitako jokalaria da: Alemanian, Italian eta Frantzian ibilitakoa da. Era berean, fitxaketa baliotsua izango da Keyona Hayesen hutsunea betetzeko eta, horregaz batera, min hartuta dauden Marta Alberdi eta Nogaye Lo jokalarientzako alternatiba gisa.