Busturialdeko errepideetan zehar abiadura testatzeko unea
Gernika-Lumoko 29. Rallya egingo dute asteburuan. Inguruko pilotu eta kopiloturik onenak birritan egingo dituzten lau tarte kronometratutan lehiatuko dira. Euskadiko Rally Txapelketako azken proba puntuagarria izango da, eta behin-behineko sailkapena zabal-zabalik dago oraindik.
Asteburuan, Gernika-Lumoko 29. Rallya lehiatuko dute. Barikuan, autoak Merkurio iturri ingururaino iritsiko dira; horixe izan da, hain zuzen ere, rallyaren epizentroetako bat. Bertan egingo dituzte beharrezko egiaztatze teknikoak, iluntzean. 62 autok eman dute izena aurtengo ediziorako, eta antolatzaileak “asebeteta” agertu dira kopuru horregaz: “Inguruko pilotu eta kopiloturik puntakoenak egongo dira irteera lerroan”.
Konpetizioari zapatuan ekingo diote. 10:15ean, Julen Bilbao tarte kronometratua egingo dute: Ereñotik hasi, Gabika auzotik Nabarnizera joan, eta Belendizen amaituko dute. Ostean, Muxikako Udala tartearen hasiera puntura joko dute gidariek: Mendata, Urrutxu, Muniketagane eta Zugastieta lotuko ditu. Jarraian, parte hartzaile guztiak Muxikan bilduko dira eta, Gernika-Lumoko asistentzia gunetik igaro ostean, berriro egingo dituzte bi tarte horiek; horregaz amaituko dute goizeko txanda. Julen Bilbao tarteko bigarren pasaeran, gainera, Busturialdeko lehen hiru kopilotuek saria jasoko dute; duela zenbait urte zendutako kopilotuaren pilotuaren memorial modura. Bilbaoren pilotua izango da sari banaketa egitearen arduraduna.
Arratsaldean, aldiz, rallyaren bigarren zatiari ekingo diote, bina aldiz egingo dituzten beste tarte kronometratu bigaz. Mendatako Udala tartea Arratzun hasiko dute, eta Ibartxu, Zarrabenta eta Marmiz auzoetatik igaroko da, Ajangizen amaitu orduko. LGK Logistika tarteak, berriz, Foru, Metxika, Errigoiti eta Gernika-Lumo hartuko ditu. Bi tarte horiekin amaituko da lehiaketa.
Autoak, Astran. Sari banaketa 20:30ean egingo dute Merkurion, eta bertan egongo dira parte hartzaileen kotxeak ere. Aurtengoa “rally garrantzitsua” izango dela adierazi dute antolakuntzatik. “Euskadiko Rally Txapelketako azken proba puntuagarria izango da, eta sailkapena oraindik oso zabalik dago; horrek erakargarritasun gehigarria emango dio aurtengoari”, azaldu dute. Bestalde, Astran egongo da aurten autoen aparkaleku zarratua; bertan ikusi ahal izango dituzte bertaratzen diren guztiek parte hartzaile denen makinak. Busturialdeko nahiz Lea-Artibaiko piloturik onenak hartuko ditu Gernika-Lumoko 29. Rallyak: Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia, Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti, Aitor Saizar eta Alazne Apalantza, Txus Jaio eta Jesus Urkidi, Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoa, eta abar.