Busturialdeak KAE1ean lehiatzen jarraituko du
KAEeko diziplina auzitegiak ontzat eman du Busturialdeak Donostiarraren kontra salatutako bidegabeko alineazioa, eta Donostiarrari play-offetako puntuak kendu zaizkio. Beraz, Busturialdea bigarrena litzateke sailkapen horretan; hori dela eta, KAE1en lehiatzen jarraituko du datorren denboraldian.
Busturialdea Arraun Taldeak KAE1en lehiatzen jarraituko du datorren denboraldian. Aurten, sailkapeneko 11. postuan bukatu zuten denboraldia, 44 puntu poltsikoratuta, eta, beraz, zuzeneko jaitsiera saihestetik play-offen lehiari eustera igaro ziren. Baina taldeak Donostiarraren aurka egindako salaketa batek hautsak harrotu zituen denboraldi amaieran: Donostiarra taldeak bidegabeko alineazioa egin zuela azaleratu zuten Busturialdeakoek, eta ikerketa abiatu zuten talde gipuzkoarraren alineazioa argitze aldera.
Busturialdea Arraun Taldeko lehendakari Patxi Egurrolak aditzera eman du azkerketak eman duena: “Klub bateko lehen taldeko arraunlari batek, lehen taldeagaz gain, dibisio apalagoetakoekin lehiatu ahal izateko, baimen berezia behar du, zelanbait arraunlari elkarbanatua dela adierazteko; arraunlari horrek ez zeukan agiri hori, estropada batean baino gehiagotan lehiatu arren. Bai guk, bai epaileak legez kanpokotzat jo du hori, eta, beraz, KAE1en jarraituko dugun taldeak Camargo eta geu izango gara”.
Urrats bat aurrera. Donostiarrari play-offetako puntuak kenduta, Busturialdeak bigarren postuan amaitu du lehia horretako sailkapenean, eta Egurrola “pozik” ageri da emaitzagaz. “Denboraldia ontzat jo dezakegu, hasiera oso aldapa gora egin zitzaigun arren. Azken tartean hobeto moldatu ginen, eta geure benetako maila erakutsi genuen”. Iaz igo zen Busturialdea KAE2 mailatik eta “lehia askoz gogorragoa” topatu dute maila berrian: “Taldeak urrats bat egin behar du aurrera zentzu guztietan, KAE1eko maila, orokorrean, KAE2koaren oso bestelakoa delako”.
Egurrolak argitu du datorren denboraldirako prestaketekin hasi direla, eta harrobiko arraunlariren bat edo “beterano ezagunen bat edo beste” lehen taldera biltzea baloratzen ari dira; dena dela, oro har, iazko blokeari eutsiko diotela aurreratu du presidenteak.