Grupo Intxausti - Gernika Rugby Taldeak 24-10 galdu du Pasek Belenos R.C. taldearen kontra. Sevillako Real Ciencias Enerside talde gogorra edukiko dute aurkari Ohorezko Mailako hurrengo jardunaldian.

Atzo ipini zuen abian Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak 2022/2023 denboraldia. Basurdeek Pasek Belenos R.C. izan zuten aurrez aurre Muro de Zaro zelaigunean, Avilesen (Asturias). Eduardo Maidaganen jokalariak lehiakor, maila handian eta oso eraginkor agertu ziren norgehiagokaren lehendabiziko 60 minutuetan, baina intentsitate aldetik nabarmen egin zuten behera azken 20 minutuetan. Belenos, bere aldetik, bigarren mailatik igo berri den taldea da, eta, horrenbestez, aurkari zuzena izango da Gernika RTrentzat aurten, Ohorezko Mailan bizirauteari begira; horrez gain, lantaldea goitik behera indartu duen taldea izateak partiduaren gogortasun maila hauspotu egin zuen.

Argazkia: Javier Barcena.
Dena dela, aurreko denboraldia nahiz mailari eusteko udan zehar bizi behar izan dituzten estutasunak atzean uzteko eta aurtengo denboraldia etxetik kanpora garaipen bategaz abiatzeko gogotsu atera ziren talde gernika-lumotarrekoak berdegunera. Hamargarren minutura iristear zeudela, Gernika-Lumoko taldeko jokalariak 0-5 aurretik zihoazen. Dena dela, Belenoseko jokalariek Les Abellesi 21-25 irabazita jokatu zuten, eta beraien motibazioa bizkor batean azaleratu zen: garaipenaren bideari etxean eusteko asmoa zuten. Berdintasuna protagonista nagusi izan zuten zenbait minuturen ondoren, etxekoak 7-5 aurreratu ziren, eta markagailu horregaz joan ziren aldageletara bi taldeak.

Argazkia: Javier Barcena.
Etxekoen aurrerapausoa. Defentsa lerro sendoa mantentzeaz gain, Belenosek urrats bat aurrera egin zuen norgehiagokan eta markagailuan aldea zabaltzen jarraitu zuen. Partiduko azken hogei minutuetan sartu orduko, beste bost puntu egin zituen talde asturiarrak, eta basurdeen presioak, ostera, behera egin zuen. Gainera, zenbait jokalditan modu ausartean arriskatu arren, jokaldiak ez zitzaizkien behar bezala atera. Amaieran, 24-10eko emaitza erakutsi zuen markagailuak eta, beraz, etxeko taldea gehiago izan zen.
Gurpo Intxausti – Gernika RTko entrenatzaile Eduardo Maidagan gernika-lumotarra ez da pozik agertu lortutako emaitzagaz: “Denboraldia hanka onez hasteko asmoa eduki arren, aurkari sendoa topatu genuen; lehen zatian maila oso duina erakutsi genuela esango nuke, baina bigarren zatiko erdialdetik aurrera behera egin genuen”. Denboraldia “hasi berritan” dela adierazi du Maidaganek, eta “lanean gogor” jarraituko dutela azaldu: “Partidu denak izango dira gogorrak, baia etxekoak mimo handiz prestatu beharko ditugu bereziki, Urbieta edozein talderentzat zelaigune oso gogorra izan dadin”.
Ohorezko Mailako hurrengo jardunaldian ere, hain zuzen, Urbietatik urrun arituko dira basurdeak: La Cartujara (Sevilla) garaipenaren lehian aritzeko asmoz joango dira. Real Ciencias Enerside talde gogorra menpean hartu beharko dute horretarako. Maidaganen arabera, “liga irabazteko hautagai nagusienetakoa da talde andaluziarra; lantaldea eraberritu egin dute, eta benetan gaitza izango da euren aurka garaipena eskuratzea. Dena dela, gure mailan eta prestakuntzan aurrera egitea, taldeak egokitzen segitzea eta zaleei geure mailarik onena ematea izango dira helburuak”.

Argazkia: Javier Barcena.