Xabi Barandikak eta Imanol Lopezek Hondarribiako Grand Slama irabazi dute Aritz Erkiagaren eta Eric Irastorzaren aurka. Jostaldi frontoia jendez lepo agertu zen, Irastorzaren Hegoaldeko azken partidua ikusteko.

Xabi Barandika gernika-lumotarra eta Imanol Lopez zumaiarra Hondarribiako Grand Slameko nagusi izendatu ziren zapatuan. Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Eric Irastorza bidartar beteranoak ezin izan zuten ezer egin Barandikaren eta Lopezen kontra, eta burua makurtu behar izan zuten final handian, txapelketa bikaina egin ondoren. Jardunaldi historikoa izan zen Hondarribian bizitakoa: Jostaldi pilotalekuak ez du zapatuan besteko jendetzarik ikusi azken hamasei urteetan; mila lagun inguru bertaratu ziren frontoia eta sarrerak, jakina, segituan bukatu ziren.

Jostaldi pilotalekua, jendez beteta. Argazkia: Jai Alive.
Gainera, ikusleek hiru seteko partiduaz gozatzeko aukera eduki zuten, berdinketa hausteak erabaki baitzuen finala. Barandikak eta Lopezek, azkenean, 2-1eko aldeagaz irabazi zuten Grand Slama. Hori gutxi ez, eta Irastorzak bere puntista ibilbidean Hego Euskal Herrian jokatutako azken norgehiagoka izan zen Hondarribiakoa; urri amaieran Miarritzen jokatuko duen Munduko Txapelketaren ostean, erretiroa hartuko du.
Lehendabiziko setean, berdintasuna izan da hasierako dinamika: bi bikoteak 6-6ko markagailuagaz aritu ziren, baina bikote urdinak, Erkiagak eta Irastorzak, 7-11ko arrakala zabaltzea lortu zuten; dena dela, Barandikak eta Lopezek partiduan sartuta jarraitu zuten, eta berriro lehiara bueltatzeko aukera ez zuten desaprobetxatu: 11ra eta 12ra berdindu zuten. Hori bai, Ispasterkoak eta Bidartekoak sendotasuna erakusten segitu zuten, eta 12-15 gailendu ziren lehen setean.

Eric Irastorzari omenaldia. Argazkia: Jai Alive.
Bigarren setean borrokak bere bidetik egin zuten: 2-0, 2-4 eta 7-4 txandakatu ziren bikote biak partiduaren buruan. 8-7koagaz, baina, 13-8ra ihes egin zuten Barandikak eta Lopezek, eta partiduari puntutxo bat gehiagoko erritmoa ipini zioten. Azkenean, erritmo handiari eustea eta, horregaz, bigarren seta irabaztea lortu zuten Gernika-Lumokoak eta Zumaiakoak, 15-11ko markagailuagaz. Hondarribia Grand Slameko irabazleak, horrenbestez, berdinketa haustean erabakiko ziren.
Partiduko tantorik onenak lehen bi setetan joanak zirela zirudienean, hirugarrenak ikusleak zur eta lur utzi zituen, goi-mailako zesta-punta ikusteko aukera paregabea eduki baitzuten Jostaldira hurreratu zirenek. Set erabakigarri eta borrokatu horren bilakaera ondorengoa izan zen: 0-1, 3-1, 3-2 eta 5-2. Markagailuak alde batera eta bestera dantza egin zuen, eta, azkenean, Barandikaren eta Lopezen aldera mugitu zen. Gernikarrak eta zumaiarrak osaturiko bikoteak garaipen gaitza, polita eta, batez ere, maila handikoa poltsikoratu zuen Hondarribian.
Sari ematean, omenaldi berezia egin zioten Irastorzari. Bidartarra urte luzez goi mailan aritu da, eta Jostaldiko harmailetako ikusleak jesarlekuetatik altxatu ziren hari bere merezimenduaren neurriko ohoratzea egiteko. Txalo zaparradak Hondarribiako pilotalekua hartu zuen. Barandika eta Lopez irabazleek ere une hunkigarria bizi izan zuten, txapelak jantzi, eta Grand Slameko irabazle izendatu zituztenean.