Bitartekaria behar du Astrak
Bitartekari lanpostua betetzeko deialdia egin du Astrak. Eskabideak egiteko azken eguna da urriaren 20a, eta izena emateko astragernika@gmail.com' helbide elektronikora kurrikuluma bidali beharko da.
Astran bitartekari lanak beteko dituen pertsona baten bila dabiltza. Deialdi horretara aurkezten diren hautagaiek aukeraketa prozesu bat pasatu beharko dute. Aukeraketan, gainera, noizbait Astran parte hartu duen edonork parte har dezakeela adierazi dute.
Lanpostuaren deialdian parte hartzeko baldintzak ere zehaztu ditu Astrako koordinadorak. Kulturarako fabrika sozialaren proiektua eta Gernika-Lumoko elkarte eta gizarte zein kultura mugimenduaren errealitatea ondo ezagutzea eskatzen dute, baita Astra proiektuaren filosofia barneratua izatea ere. Halaber, positiboki baloratuko da Gernikaldean bizitzea, langabezian egotea, euskaraz jakitea eta bertoko euskara ulertzeko gai izatea eta euskaraz modu egokian idazteko gaitasuna edukitzea. Gainera, administrazio lanetan, komunikazio arloan edota arlo teknikoan –soinu eta argien ekipoak– esperientzia baloratuko dute.
Astrak lanaldi erdiko kontratua –astean bost egun eta egunean lau ordu– eskaintzen du. Soldata gordina izango da, hilean 800 eurokoa gizarte segurantzarekin. Gainera, soldataren parte bat derrigorrezko beharrizanak asetzeko baliabideetan jaso daiteke, dirutan jaso ordez.
Halaber, lan talde dinamiko batean sartzea eskaintzen du Astrak, baita Astra proiektuari bultzada emateko eta esperientzia aberasgarriak izateko aukera ere.
Urriaren 20a baino lehen. Eskabideak egiteko azken eguna da urriaren 20a. Izena emateko astragernika@gmail.com helbide elektronikora kurrikuluma bidali beharko da. Bertan, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.
Izan ere, urriaren 21ean, hautagaiei deituko zaie onartuak izan diren jakinarazteko, eta, dagokienei, elkarrizketarako informazioa emateko.