Klima aldaketari buruz kontzientziak pizteko hitzarmena
Bermeo, Busturia, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta BBK-k lankidetzarako hitzarmena sinatu dute, "klima-aldaketaren aurkako kontzientziazioaren eta sentsibilizazioaren alde lan egiteko".

Klima aldaketaren aurkako kontzientziazioaren eta sentsibilizazioaren alde lan egiteko asmoz sinatu dute hitzarmena Bermeoko, Busturiako, Sukarrietako eta Mundakako udalek eta BBK-k. “BBK Klimak urrats sendoz egiten du aurrera klima aldaketaren aurkako jarduera globala bultzatzeko helburuan. Testuinguru horretan sinatu dugu hitzarmena”, azaldu dute ordezkariek.
Akordioa sinatuta, 2030 Agendaren testuinguruan adostu dute tokiko herritarrak sentsibilizatzeko lan egingo dutela sinatzaileek, ingurumenaren kontserbazioan eta klima aldaketaren aurkako borrokan “aktiboki” lan eginez. Bizi ohitura jasangarriak sustatzearen beharrizanaz sentsibilizatzeko ere lan egingo dute, baita klima aldaketaren errealitateari buruzko informazio kualifikatua, kalitatezkoa ata ulergarria lortzeko ere.
“Sinatzaileek aktiboki parte hartuko dute hitzarmeneko beste erakundeek banaka egiten dituzten ahaleginetan, eragin biderkatzailea sortzeko helburuz”, gehitu dute. Eta, gainera, adostu dute Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik haratago ere klima aldaketaren aurkako borrokaren eta bidezko trantsizioaren aldeko konpromisoa eta dinamismoa zabalduko dutela.
Mugikortasun jasangarria.
Mugikortasun iraunkor edo jasangarriaren esparruan, lau erakundeek “lehen urratsa” egin dute bizikleta partekatuak alokatzeko sistema bat diseinatuz, eta, diotenez, horrek konektibitatea erraztuko du udalerri sinatzaileen artean, baita Busturiako BBKrekin ere. “Sistema honek Bermeo, Busturia, Mundaka eta Sukarrieta artean pertsonen joan-etorri segurua, osasungarria, ingurumena errespetatzen duena eta jasangarria bultzatuko du”, azaldu dute. Zehaztu dute bizikletak alokatzeko sistema hori Bermeon, Busturian eta Mundakan ezarriko dutela lehen fasean.