Hegaluze baten neguko migrazio ibilbidea erregistratu du AZTIk, lehenengoz
Marka elektroniko bati esker, hegaluzeak Atlantiko urruneko zonaldeetan hibernatzen duela ondorioztatu dute AZTIko ikerlariek, ehunka metroko sakoneran. Bildutako informazioak espezieen biologiari eta ekologiari buruzko datu indeendenteak eman ditu, eta arrantza kudeaketa hobetzen laguntzen du.
Marka elektroniko bati esker, AZTI zentro teknologikoak hegaluze gazte baten bi urteko migrazioaren ebidentzia zientifikoa lortu du. Eta, datu zientifiko horri esker, hegaluzearen neguko migrazioren ibilbidea eta hibernatzeko lekua ezagutu dituzte zientifikoek: Bizkaiko golkoan udan ibili eta gero, Atlantiko urruneko zonaldeetan hibernatzen du, ehunka metroko sakoneran. “Hegaluzeen hibernatzeko helmugari buruzko informazioa ematen digu marka elektronikoak. Neguan, hegaluzeak Atlantikoko oso urruneko zonaldeak bisitatzen ditu, eta sakonera handian bizi dira, ehunka metrotara. Bizkaiko golkora egiten duen bisitan, berriz, gainazaletik gertu barreiatzen da, eta, hor, kaza eta arraste pelagikoa erabiliz harrapatzen da”, azaldu du Iñigo Onandia itsas ikertzaileak.
Zehaztu dutenez, Irlandako hegoaldean Frantziako Vicent Galland ontziak harrapatutako hegaluze bati esker lortu dute informazioa. Arrainak 85 zentrimetro neurtzen zuen, 11,6 kiloko pisua zuen, eta marka elektronikoa zuen ezkutatuta bere erraietan. Miaketarako gailu txiki hori duela bi urte jarri zion Onandia itsas ikertzaileak, Bilboko Abratik 12 miliara iparraldera zegoenean; aleak 70 zentimetro zituen orduan, eta zazpi kilogramo inguru pisatzen zituen.
Behin marka elektronikoa berreskuratuta, AZTIren laborategietara bidali zuten, eta, han, ikertzaileak ohartu ziren hegaluze gazte baten bi urteko migrazio ibilbidea zuela erregistratuta. Ondorioz, Atlantikoko hegaluze batean marka elektroniko bat sartu eta urtebete baino gehiago geroago berreskuratu ahal izan den lehen kasua da. Horri esker, espezieari buruz ezezaguna zen informazioa lortu dute. “Bagenekien udazkenean eta udaberrian desagertzen zela, baina ez non hibernatzen zuen”, gehitu dute.
Zehazki, erabilitako marka elektronikoak hainbat aldagai neurtzeko aukera eman du, hala nola, arraina zein sakoneratan murgiltzen den, edota uraren eta hegaluzearen tenperatura zein den; baita gune horretako argiaren intentsitatea zein den ere. Horrela, zentro teknologikoko adituek alearen migrazio ibilbidea kalkulatu ahal izan dute: “Jasotako datuek agerian uzten dute, adibidez, hegaluze gazteek Bizkaiko golkora etorri direla hainbat uda jarraitutan, eta hibernatzeko helmuga erakusten dute, eta horrek atun zuriaren bizi zikloari buruzko ezagutza zientifikoa handitzen laguntzen du”.
Arrantzaren kudeaketa hobetzea.
Marka elektronikoa berreskuratzeko jarduera Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordea (ICCAT) Atlantikoko atun zuriaren inguruan garatzen ari den markatze programaren parte da, Batzordeak eta Europar Batasunak finantzatuta dagoena.
Ekimen horren esparruan, AZTI ari da hegaluzearen markatze elektronikoaren programa gidatzen, beste ikerketa erakundeekin lankidetzan. Horretarako, “ezinbestean”, arrantzaleek ere parte hartu behar dute, eta zentrora bidaltzen dituzte arrantza kanpainetan berreskuratutako marka elektronikoak.
“Trazabilitaterako teknologia hori modu kirurgikoan ezartzen da arrainen peritoneoan, eta aukera ematen du ingurunearen jarraipen zehatza egiteko eta egindako ibilbidearen estimazio egiteko”, azaldu dute. Horrenbestez, AZTI eta antzeko zentroek espezieen biologiari eta ekologiari buruzko datu independenteak lortzen dituzte, arrantzaren kudeaketa hobetzen laguntzeko.
“Populazioaren egituraren eta migrazioen definizio zehatza garrantzitsua da ebaluazioan dagoen ziurgabetasuna gutxitzeko, eta, ondorioz, arrantza kanpainen kudeaketa hobetzeko”, diote. Hori dela eta, azpimarratu dute arrainak markatzea eta berriro harrapatzea bezalako metodologiak “balio handikoak” direla atunaren eta antzeko espezieei buruzko ezagutza zientifikoa hobetzeko, “balio handiko espezieak direlako Bizkai, Araba eta Gipuzkoako arrantza ekonomiarako”.