Bueltatu dira Auditorioko udako kontzertuak
Joan den eguenean hasi zuten ekimena, eta Habia taldea arduratu zen kontzertu zikloari hasiera emateaz. Aste honetan, Alos Quartet izango da, eguenean, 20:00etan, iparraldeko emakume taldearen lekukoa hartuko duena.
Kultura eta arte eszenikoak herritarrengana gerturatzeko asmoz, Arbolapean kultur programa antolatu du Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, eta musika kalera ateratzea erabaki du. Hala, uztaileko eguen guztietan, uztailaren 15ean salbu –barikua da–, zuzeneko musikak hartuko du Auditorioa. Joan den eguenean hasi zuten ekimena, eta Habia taldea arduratu zen kontzertu zikloari hasiera emateaz.
Aste honetan, Alos Quartet izango da iparraldeko emakume taldearen lekukoa hartuko duena, eta hilaren azken bi eguenetan herriko taldeak igoko dira oholtzara: Supercremalleras taldeak uztailaren 21ean eskainiko du zuzenekoa, eta Hemendio taldeak, berriz, hilaren 28an, “kontzertuak jai giroan amaitzeko”.
Kultura bizitzeko ohiturak aldatu egin dira, eta kaleak eta espazio zabalak indarrez bete dira. Hala, kalerako denetariko kultur jarduerak antolatzea erabaki du kultur etxeak. Horretarako, gustu eta adin guztientzako askotariko programazioa prestatu dute.