80 hamarkadako musika, oholtza gainera
1985ean sortu eta 1991an bere jarduna eten zuen Hemendio taldeak. 30 urteren ostean, bueltatu dira, eta euren lehen lan luzea grabatu dute Londresko Abbey Road Studio mitikoan.
80ko hamarkadan jaio zen Hemendio taldea Gernikan, momentuko kultur mugimendu indartsuarekin batera. Musikaz gozatzeko eta musika konposatzeko gogotsu zeuden Iñaki Olanok, Josu eta Jon Artetxek, Miguel Angel Rodriguezek, Iñaki Ostizek eta Ager Uriguenek osatu zuten, Mikel Fernandez Krutxaga teknikari zutela.
Zazpi urtez hamaika kontzertu eskaini zituzten, garaiko musika talde ezagunekin oholtza konpartituz. “Kortatu, Barrikada eta Itoiz kenduta, garai hartan punta-puntan zeuden musika talde ezagun guztiekin jotzeko aukera izan genuen: Hertzainak, Delirium Tremens, Etsaiak, Baldin bada…”, adierazi du Iñaki Olano taldeko abeslariak.
Handik eta hemendik ibili ziren, baina kontzertu gehienak eskualdean eskaini zituzten. “Busturialdeko herri guztietan aritzeko aukera izan genuen. Donostia aldera ere joan ginen, baita Ordiziara, Andoainera edota Elorriora ere. Madrileko Ifema azokan kontzertua jotzeko aukera ere izan genuen”. Kontzertu bereziena herrian eskainitako lehen kontzertua izan dela dio, Institutuko jai batean, Santanape frontoian, Delirium Tremens, Etsaiak eta Zulo taldeagaz aritu zireneko: “Gure lehenengo emanaldia izan zen, sekulakoa”.
1992an, taldea desegitea erabaki zuten. “Lan asko” zelako hartu zuten erabakia; izan ere, astebururo, zapatuetan eta domeketan entseatzen zuten, gutxienez hiru orduz: “Entsegu horiei kontzertuak gehitu behar zaizkio. 1991a urte garrantzitsua izan zen, hamabost kontzertu inguru eskaini genituen. Lan guzti horri, taldekide bakoitzaren ikasketak gehitu behar zitzaizkion”.
Orain, 30 urteren ostean, bueltatu dira. “Ilusioz” deskribatzen dute eszenatokietara buelta, musikaz gozatzen ari baitira berriro: “Bueltatzea erabaki genuen, jakinda, lehentasuna familiak eta lanak dutela, eta gero, taldeak. Ahal dugunean ari gara musika egiten, betiere musika eta kontzertuez gozatzea helburu hartuta”.
Bueltatzeko erabakia, ustekabeko gertaeren ondorioa izan da. 80ko hamarkadan Fosa Comun taldeko kide zen Koldo Basterretxeak Olanori esan zion Andoaingo Jubilatuak izeneko blogean sasoi hartako musika taldeen informazioa batzen zebiltzala. “Diskorik kaleratu ez zuten talde desberdinen informazioa batzen zenbiltzan, talde horiei buruzko informazioa gordeta geratu zedin. Guri buruzko informazioa bidali nien, eta horren berri eman nien taldekideei; eurekin ere bilduta neukana elkarbanatu nuen”, azaldu du Olanok.
Hemendio 1992an desegin arren, taldekideen arteko harremanak urte luzez iraun du, eta euretako asko Gernika-Lumoko kaleetan elkartzen dira. “Zorionez, sasoi horretan, Batzarretxeko ekintza batera gerturatu zen Mikel Fernandez Krutxaga gure teknikari izandakoa, eta berari ere garai hartan grabatutakoa bidali nion. Asko gustatu zitzaion, eta audio kasete horiek bere estudioan disko formatura pasatzeko proposamena egin zigun. Bertara joan, eta lehenengo audio kaseta jarri genuenean–1991an Bermeoko Lameran eskainitako kontzertuarena–, denok emozionatu ginen”.
Ilusioa nagusitu zen taldekideen artean, eta revival bat egitea pentsatu zuten. Lekuek jaialdian gauzatu zuten bueltako lehen kontzertu hori. “26 urteren ostean, bueltako kontzertua eskaini ahal izan genuen. Dena izan zen ilusioa, duela 30 urte gustatzen zitzaiguna gaur egun ere gustatzen zaigulako. Bakoitzak bere bidea egin du, gehienak musikaren bidetik lan eginez, baina batu gintuena ilusioa izan da”.
Abbey Road Studios
Taldea martxan aritu zen zazpi urteetan zehar, diskorik ez zuten kaleratu; bai, ordea, maketak. Maketetako bat beste musika talde batzuekin batera kaleratu zuten 1991an: Gernika 91. “Exkixu, Fosa Comun, Rotabator eta guk kaleratu genuen, elkarregaz. Luis Ortuzar garaiko kultur zinegotziak Txin Pun dendako Aitor Aranari kontzertu bat antolatzeko eskatu zion, baina Aranaren proposamena bestelakoa izan zen. Herrian zeuden taldeei estudio profesional batean maketa bat grabatzeko aukera ematea proposatu, eta Ortuzarrek onartu zuen”, gogatu du Olanok. Gernika 91 maketaz gain, beste batzuk ere grabatu zituzten: “Bi edo hiru Fernandez Krutxagak grabatu zizkigun, eta beste bat Rafa Sardinak. Los Angelesen bizi da orain, eta Grammy sariak jaso ditu”.
Maila handiko jendeaz inguratuta hasi zuten euren bidea, eta hala jarraitzen dute orain ere. Londresko Abbey Road Studio famatuan grabatu baitute euren lehen diskoa: Hemendio. “Disko bat kaleratzea zen gure ilusioa, eta hala egitea erabaki genuen. Mikelek Abbey Road Studiora idatzi zuen, bertan grabatzeko aukerez galdezka. Han proiekturen bat grabatutakoa da bera, eta talde batek aurreikusitakoa baino bi egun lehenago amaituko zuela jakinarazi zioten. Egun horietan grabatzeko proposamena adostu eta bertara joan ginen. Itzela izan zen”.
Arimadun estudioa da Londreskoa, “inposatzen” duena Olanoren berbetan. “Estudiorako bidean han grabatu duten artista handien argazkiak ikus daitezke: Mick Jagger, Freddy Mercuri, The Beatles, Elton John, Amy Winehouse, Eric Clapton… Han dauden mikrofonoak artista handi horiek erabilitakoak dira, eta horiekin grabatu dugu diskoa. Ohore bat izan zen”.
Asteburu batean grabatu zuten diskoa, zuzenekoa balitz bezala, abesti bakoitza lauzpabost bider joz. “Musika tresna bakoitza bere aldetik grabatu genuen. Abenduaren 15ean egon ginen Londresen, eta abuztuaren 17an entzun genuen lehenengoz grabatutakoa, Mikelen Musikarte estudioan. Han nik beste bost abesti kantatu behar izan nituen. Sekulako produktore musikala da Mikel. Gero, Jon Artetxeren estudioan osatu genuen lana, eta zur eta lur geratu ginen emaitzagaz”.
Duela 30 urte sortutako kantuak dira diskoan bildutakoak. Erritmo eta musika “apur bat” moldatu dituzte, baina letrak mantedu: “Sasoi hartako tematika daukate, eta orduko bizipenak jasotzen dituzte. Musika aldetik, baina, zertxobait moldatu eta garbitu ditugu kantuak. Gaur, bestelako esperientzia daukagu, badakigu abesti batean isiluneak ere egon daitezkeela; Walking on the moon abestian, esaterako, erdira jaitsi dugu erritmoa”.
Jendearen erantzuna
Lekuek jaialdiko bueltako lehen kontzertutik hainbat emanaldi eskaini dituzte, eta herritarren erantzuna “oso polita” izan da: “Harrituta geratu gara erantzunagaz, entzuleen feedback-a polita izan da. Askok abesti batzuk gogoratzen zituzten, eta hori guretzat gauza handia izan da. Familiek gure musika zuzenean entzuteko aukera izan dute. Lizeoko lehenengo kontzertuan, Zintzo izan zen eskaini genuen lehen kantua, eta eszenatokira atera eta ikusleen artean ama eta semea ikusi nituenean, kristoren emozioa sentitu nuen. Eztarrian korapiloa sortu zitzaidan, eta hala defendatu nuen abestia. Hori gauza handia izan zen”.
80ko hamarkadako zaleei euren musikaz berriro gozatzeko aukera eman diete, baina zale berriak batzeko ere balio liezaieke bueltak. “Gure lana ez galtzeko aukera da diskoa. Ez dugu nahi egindako guztia alperrik galtzea. Batuta eduki gura izan dugu, eta CD eta biniloa grabatu ditugu; biniloa zen gure ilusio handiena, eta egin dugu”.
Aurrera begira ere jarri dira, abesti berriak sortzen, eta euren lana erakusteko emanaldiak eskaini gura dituzte. “Abendurako bi kanta geneuzkan prestatuta, oso rockeroak. Ez dira gogorragoak erritmo aldetik, baina bai musika aldetik. Kontzertuei dagokienez, egungo egoera hobetzea gura dugu. Gerora begira, proiektu txikiak izan ditzakegu, baina kontzertu handiago bat eskaintzea ere gustatuko litzaiguke”.