Rock musika jorratuz, bertigoari aurre egin diote
Gernika-Lumoko Supercremalleras taldeak diskoa kaleratu du: 'Aviones con vertigo'. Kantuak banaka aurkeztu dituzte urtean zehar, eta lan fisikoa dakarte orain. Agertokiak zapaltzeko gogotsu daude, eta gaur diskoaren bigarren aurkezpen kontzertua eskainiko dute Madrilen.
Aviones con vertigo disko berria kaleratu berri du Gernika-Lumoko Supercremalleras taldeak. Gominolas izeneko singlela otsailean aurkeztu eta gero, apurka-apurka joan dira bilduma osatzen duten abestiak ezagutarazten. Kantuak banaka aurkeztu dituzte urtean zehar, eta lan fisikoa dakarte orain.
Zortzi kantuk osatzen duten 30 minutuko lan luzea aurkezteko kontzertuekin hasi dira dagoeneko. Bilbon aritu ziren joan den astean, eta gaur, Madrileko eszenatokira igoko dira; Chuecako Vesta aretoan eskainiko dute kontzertua. Hurrengo astean, etxera bueltatu eta Zornotzan erakutsiko dute egindako lana.
Euren burua aurkezteko eta agertokiak zapaltzeko gogotsu daudela dio Gorka Etxebarria taldeko abeslariak: “Lehenenego kontzertua Bilbon eskaini genuen joan den asteburuan, eta etxean bezala sentitu ginen, oso gustura. Jendea oso pozik zegoen, dantzan eta saltoka. Eskertzen da jendea musikaz gozatzen ikustea”. Madrileko gaurko kontzerturako sarreren erdiak baino gehiago saldu dituztela dio, eta giro bikaina espero dutela onartu du abeslariak. “Lagun asko gerturatuko dira, oso pozik gaude. Ondo pasatuko dugu”.
Otsailetik gaur arte kantuak banaka aurkeztu dituzte, kantu bakoitzari merezi duen presentzia eman asmoz. Musikaren merkatuari erreparatuta, gero eta gehiago dira kantuak banan-banan kaleratzearen aldeko apustua egiten ari diren musika taldeak, eta hala egin dute gernikarrek. “Merkatua aldatu egin da, argi dago ez duela lehengo moduan funtzionatzen. Orain, kantak banaka kaleratzeari ematen zaio garrantzia, eta guk ere argi geneukan singlelak horrela argitaratuko genituela”, azaldu dute Etxebarriak. Eredu horri jarraituta, kantu guztiei merezi duten presentzia eman gura izan diete, “zortzi kantuko diskoan batek batzuk ahanzturan geratuko liratekeelako”. Gainera, Etxebarriak gehitu du ez zela diskoak kaleratzeko momentua: “Pandemiaren ondorioz ezin genituen kontzertuak eman, eta, orain, egoera hobetzen doala ikusita eskaini ditzakegu”.
Hala ere, kantuak banaka aurkeztu eta gero, diskoa kaleratzearen alde egin dute. Zuzenekoei begira errepertorio luzea izan gura dutelako egin dute hori. “Diskoa ez dugu kaleratu erromantikoak garelako eta lana formatu fisikoan izatea gustatuko litzaigukeelako bakarrik, gure lehenenego lana delako eta kontzertuetarako errepertorio luze bat izatea gustatuko litzaigukeelako baizik. Horrela, abesti guztiak disko formatuan entzun ahal izango dituzte entzuleek, denak batera”, argitu du Etxebarriak.
Hala, melodia eta erritmo itsaskorrak dituzten zortzi abestiz gozatzeko aukera dute Aviones con vertigo diskoko entzuleek. Gehienek maitasunari buruz berba egiten dute, baina ez direla “ohiko maitasun kantuak” azpimarratu dute taldeekideek: “Ukitu errebeldea daukate, baita freskotasuna ere”. Ezagutarazi duten azken kantua da Más allá de tus manos promozio kantua, diskoko desberdinena. “Gominolas singlela izango zela argi genukan, abesti laburra, itsaskorra eta arina zelako, diskoaren laburpena egiten zuena. Baina azken hau balada bat da. Ez du maitasuna lantzen, sare sozialei buruz berba egiten du. Mugikorretik begirada altxatu eta aurrera begiratu behar dugula adierazi gura dugu, bizitza ez dela pantailen beste aldean dagoena esan, eta gure begiekin ikusten duguna bizi beharra dagoela transmitituz. Indarra daukan kantua da”.
Rocka, abiapuntu eta helmuga
Rocka abiapuntu hartuta, pop estiloa uztartzen dute euren abestietan Supercremalleras taldekoek. “Rockaren inguruan mugitzen gara. Gitarrak, baxua eta bateria ditugu, eta punk estiloaren ukitu bat ere badaukagula esango nuke”, dio Etxeberriak. Diskoak 2000. hamarkadan Espainiar Estatuan nabaritzen zen rock girora eramaten ditu entzuleak.
Taldekide bakoitzak bere musika estiloa entzuten duen arren, argi dute zein den taldearen norabidea. “Talde modura, musikalki ditugun helburuak argi ditugu. Bakoitzak bere musika entzuten du, baina proiektu modura, badakigu norantz joan gura dugun. Kantak itsaskorrak izatea bilatzen dugu, eta letrek poesi puntu bat izan arren, zuzenak izatea lortu gura dugu”.
2020an landu eta azaroaren amaieran Gironan grabaturiko lana aurkezten dabiltza. Astebeteko epean grabatu zuten diskoa Ultramarinos Costa Brava estudioan, Santi Garcia ekoizlearen gidaritzapean. Abentura bat izan zela diote, baina asko ikasi zutela: “Astelehenetik zapatura bitartean, 24 orduz aritu ginen diskoa lantzen. Taldekideak batzeko balio izan digu grabaketa prozesuak, baita asko ikasteko ere”.
Urtebete beranduago kaleratu dute lan osoa, baina diskoak eduki duen harrera “oso positiboa” dela diote: “Bai zuzenekoan, bai plataformetan oso positiboak izan da jendearen erantzunak. Ez genuen espero. Lana grabatu genuenetik urtebete igaro da, baina kantu hauetan sinisten jarraitzen dugu. Ez ditugu kristoren zenbakiak espero, baina jendearengatik jasotzen ditugun mezuek asebetetzen gaituzte. Horiei ematen diegu garrantzia”.
Taldekideak:
Gorka Etxeberria. Taldeko abeslaria eta gitarra. Dientes de Luna taldeko kidea ere bada.
Dani West. Taldeko gitarra-jotzailea.
Gorka Olaeta. Taldeko gitarra-jotzailea.
Julen Alberdi. Taldeko baxu-jotzailea. Blanco y en Botella taldeko kidea ere bada.
Unai Markina. Taldeko bateria-jotzailea. Blaster-M taldekoa ere bada.