Arbolapean gozatzeko kultur eskaintza
Etzi hasiko dira Auditorioko zuzeneko kontzertuak: Habia taldea izango da plaza musikaz betetzeaz arduratuko den taldea. Etzi hasi eta uztailaren 28ra bitartean, eguenero izango dira kontzertuak, uztailaren 15ean salbu.

Kultura eta arte eszenikoak herritarrengana gerturatzeko asmoz, Arbolapean deitutako kultur programa antolatu du Gernika-Lumoko Kultur Etxeak. Iparragirreren Gernikako Arbolaren gerizpean garatuko den kultura egitaraua da, hainbat urtetan udalerrian egiten ziren Udako Musika Jardunaldiak aintzat hartuta abian jarri duten proiektu berria.
Pandemiaren eraginez, kultura bizitzeko ohiturak aldatu egin dira eta kaleak eta espazio zabalak indarrez bete dira. Hala, kalerako denetariko kultur jarduerak antolatzea erabaki zutela aitortu du Cristina Arana kultur etxeko zuzendariak: “Pandemiaren ondorioz, kaleak asko irabazi du, eta guk ere denetariko kultur jarduerak antolatzea erabaki dugu bertan”.
Kultura kalera ateratzea erabaki dute, eta, horretarako, gustu eta adin guztientzako programazio anitza prestatu dute. “Haurrak, gazteak zein familiak arte diziplina desberdinetara gerturatzea da helburua”, azaldu du Aranak. Halaber, aitortu du jarduerak udalerriko auzo ezberdinetara eramatea ere bilatu dutela: “Antzerkia aretoetatik haratago zabaldu gura dugu, eta udalerriko auzo ezberdinetako kaleak antzerkiz bete gura ditugu. Horretarako, kale antzerkiak antolatu ditugu auzoetako jai guztietan”.
Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasle eta irakasleen lana balioan jarri gura dute programagaz, baita Gernika-Lumoko sortzaileen lanari zabalkundea eman, eta euskara eta euskal kultura sustatu ere.
Denetariko publikoarentzat sortu dute eskaintza, eta denen gustukoa izatea espero dute, gero, horri, jarraipena emateko: “Gure asmoa da kalean ikusaraztea guk egiten dugun lana. Urtean zehar egiten dugunaren ale bat kaleratuko dugu, etorkizunean hori loratzeko asmoz. Pandemiatik denok atera gara oso nekatuta, eta uste dugu kultura berreskuratu egin behar dela, eta, berreskuratu egin behar dugula guztiok gainera”.
Hala, etorkizunean, programa hau indartzea eta jaialdi modura antolatzea dela kultur etxearen asmoa aitortu du Aranak: “Ondo funtzionatzen duela ondorioztatuz gero, programa indartzea eta jaialdi modura antolatzea gustatuko litzaiguke, gero, aretoak betetzeko asmoz”.
Auditorioan, zuzeneko musika.
Helburu horiek lortzeko ahaleginean, etzi hasiko diren Auditorioko zuzeneko kontzertuak azpimarratu ditu kultur etxeko zuzendariak. Etzi hasi eta uztailaren 28ra bitartean, eguenero 20:00etan hasiko dira kontzertuak, uztailaren 15ean salbu –barikua da–. “Uztailaren 12an Haziberri kontzertua daukagu Europako Herrialdeen Parkean, eta, ondorioz, eguen horretako emanaldia barikuan egitea pentsatu dugu”, azaldu du Aranak.
Auditorioko kontzertuei hasiera emango dien taldea Habia taldea izango da. “Iparraldeko nesken taldea da, eta emanaldi polita eskainiko dutela uste dut”, adierazi du zuzendariak. Gero, uztailaren 15ean, Alos Quartet izango da iparraldekoen lekukoa hartuko duen taldea, eta hilaren azken bi eguenetan herriko taldeak igoko dira oholtzara: Supercremalleras taldeak uztailaren 21ean eskainiko du zuzenekoa, eta Hemendio taldeak, berriz, hilaren 28an, “kontzertuak jai giroan amaitzeko”.
Egitaraua.
Etzi.
20:00. Habia taldea Seber Altube Auditorioan.
Uztailak 9, zapatua.
18:00. Turistreatzen kale antzerkia, Agarre auzoan.
Uztailak 12, martitzena.
18:00. Haziberri jaialdia, Europako Herrialdeen Parkean.
Uztailak 15, barikua.
20:00. Alos Quartet taldea, Auditorioan.
Uztailak 17, domeka.
20:00. Matias Sagreras Organo kontzertua, Lumoko San Pedro elizan.
Uztailak 21, eguena.
20:00. Supercremalleras taldea, Auditorioan.
Uztailak 25, astelehena.
20:00. Ana Aguado Organo Kontzertua Mertzedeko komentuan.
Uztailak 28, eguenea.
20:00. Hemendio taldea, Auditorioan.
Uztailak 31, domeka.
20:00. Mattias Harmaan Organo kontzertua, Andra Mari elizan.