Roso Buchek Lointek Gernika Bizkaian segituko du
Roso Buchek urtebetez luzatu du Lointek Gernika Bizkaiagaz zeukan hitzarmena. Lesioek ez diote lagundu kataluniarrari, eta hurrengo denboraldira bewgira dago jadanik.
Roso Buch jokalaria akordio batera ailegatu da Lointek Gernika Bizkaiagaz, eta, ondorioz, Gernika-Lumoko saskibaloi taldean jarraituko du 2022/2023 denboraldian. Matarokoak (Herrialde Katalanak) Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaile Mario Lopezen lanerako moldean eta eskemetan doitzea lortu du aurten eta, gainera, klubetik adierazi dutenaren arabera, Malosteko ikusleekin “modu berezian” konektatu du.
Iazko udan ebakuntza egin zioten, orkatileko lesio bat tarteko, eta urte amaierara arte ez zuen bere benetako maila erakutsi. Hain zuzen ere, Itziar Ariztimuñoren lesioak urrats bat aurrera egitera behartu zuen Buch; ordutik, gakoa izan da taldean. Buchena bigarren kontratu berritzea da; izan ere, abenduan gauza berbera egin zuen Gabija Meskonytek. Eskolta kataluniarra “oso pozarren” agertu da kontratu berritzeak eta beste denboraldi batez Lointek Gernikaren Koloreekin jokatzeak “suposatzen duen guztiaz”: “Ohore handia da beste urtebetez Gernikan jokatzeko eta bizitzeko aukera izatea. Seguru nago datorren denboraldia oso polita izango dela; aurtengoa gogor samarra izan da, baina, talde osoa eta afizioa elkartuta baldin badaude, seguru nago emaitza bikainak eskuratuko ditugula”.