Langile bat hil da Bermeon, bihotzekoak jota
Bermeoko Herri Mugimenduak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur, 18:00etan, Lameran.
LAB sindikatuak beste lan ezbehar “hilgarri” bat deitoratu eta salatu du. Sindikatutik argitu dutenez, ezbeharra Bermeoko Coviran supermerkatuan gertatu zen, joan den barikuan, ekainaren 3an. Biktimak 50 urte zituela jakitera eman dute. LABek elkartasuna eta samina adierazi nahi izan die senide, lagun eta lankideei.
LAB sindikatutik azaldu dutenez, hildakoa herriko frankizia-denda txiki bateko langile autonomoa izan da: “Komertzio handiaren aurrean bizirauteko borrokan, ez da harritzekoa bizirauteko borroka horretan, laneko arrisku faktoreak medio, arazo kardiobaskularrak areagotzea eta bizi kalitatean eragina izatea”.
Sindikatutik denbora daramate salatzen egungo sistema neoliberalak, “lan karga eta presio gero eta altuagoak eragiten dituztela, laneko arrisku faktore nabarmen bilakatuz”.
Azaldu dute, 2022an 11 heriotza ez traumatiko eman direla lanpostuetan; “arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko”. Horren aurrean, LAB sindikatutik hainbat galdera egiten dituzte: “Ze paper ari da jokatzen Eusko Jaurlaritza? Lan osasun materia ia eskumen guztiak izanik, egokitu al du Osalan eta Inspekzioaren lana, gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara?”. Hala, administrazioei lan istripuen eta lanbide gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak, berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiete.
Elkarretaratzea Lameran. Bermeoko Herri Mugimenduak deituta, 18:00etan, elkarretaratzea egingo dute gaur Lameran. Prekarietatea Hiltzailea lelopean egin dute deialdia.