Kareharri gorriari buruzko ibilbidea egingo dute zapatuan
Antoliñape kultur elkartekoek zapatuan, 09:30ean, Gautegiz Arteagako herriko plazan jarri dute hitzordua, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Antoliñape kultur elkarteak antolatuta, harri gorriari buruzko ibilaldia egingo dute zapatuan. 09:30ean Gautegiz Arteagako herriko plazan jarri dute hitzordua, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete, herriaren ondoan dagoen harri gorriaren kanterari balioa emateko asmoz antolatu baitute ibilaldia.
Herriko plazatik Gautegiz Arteagako elizara joango dira, eta Kurtzerora eta Ereñora ailegatuko dira gero. Gautegiz Arteaga eta Ereño artean dagoen harri gorriaren kantera ere bisitauko dute, eta plazara bueltatuko dira gero. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Ereñon eraikin batzuk –eliza barne– bisitatuko dituzte, baita orain dela gutxi zabaldu berri duten museoa ere. Hori guztia harri gorriaren kanterara joan orduko egingo dute: “Inoz egon ez bazarete, berezia den leku bat aurkituko duzue”.
Ibilbide guztia Laura Damas EHUko geologoak lagunduta egingo dute. Berarentzako leku “kutuna” da kareharri gorriaren kantera, izan ere, 2011n bere tesia harri horri buruz idatzi zuen. Gaur egun, EHUko ikertzailea da Damas, geologia sailean, eta hidro-ingurumeneko prozesuak aztertzen ari da. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “oso pozik” gerturatuko da udalerrira, uste duelako garaia dela etxe ondoan dagoen altxorrari balioa emateko.