Atalde eta Bizkai Buru kaleak batuko dituzte igogailu bategaz
Bertan dauden oztopo arkitektonikoak gainditu eta iriste erraztasuna hobetzeko helburua dauka Bermeoko Udalak.
Bermeoko Udalak Atalde eta Bizkai Buru kaleak batuko dituen igogailuaren proiektua aurkeztu du gaur goizean. Jakitera eman dutenez, udalak 662.117,95 euroko inbertsio “garrantzitsua” egingo du, “iriste erraztasuna hobetzeko asmoz”.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak gogora ekarri du udal gobernuak alkatetza lortu zuenean, Bermeo irisgarriago bat egiteko konpromisoa hartu zuela, eta gaineratu du, azkenaldian “burubelarri” dabiltzala helburu horretan lanean.
“Zerbitzu berri honek nabarmen hobetuko du bertan bizi diren herritarren eta ikastetxeko jolaslekurako zein haur eskolarako iriste erraztasuna. Helburua ez da inguru horretan pertsonen garraio masiborako elementuak edukitzea, baizik eta inguruan bizi diren pertsonen mugikortasuna erraztea. Igogailuak bermeotarren bizi kalitatea nabarmen hobetuko du. Gure helburu estrategikoetako bat da herriko gune ezberdinetan mugikortasuna hobetzea eta helburu hori lortzeko pausoak ematen jarraituko dugu. Besteak beste, aukera ezberdinak begiratzen gaude Itxasbegi auzoan ere antzeko zerbitzu bat jartzeko”, esan du alkateak.
Atalde eta Bizkai Buru kaleak batuko dituen igogailuak hamahiru pertsonentzako edukiera izango du. Lau geraleku izango ditu: lehenengoa, kale bien lotura puntuan, eskailerak hasten diren lekuan; bigarrena, Haur Eskola parean, eskolara arazo barik iristea baimenduz; hirugarrena, Benito Barrueta institutuko jolasleku parean egongo da; eta laugarrena, Bizkai Buru kalean izango da. Azken bi geralekuetan pasarelak jarriko dituztela azaldu dute, “egungo urbanizaziora iristeko”.
Proiektua idatzita dago, eta “ziurrenik” aste honetan aterako da lehiaketara. Udalaren helburua da uda amaierarako proiektua esleituta edukitzea. Hori egin ostean, bederatzi hilabete beharko dira lanak egiteko.
Igogailuaren kokapena “toki estrategiko” bat dela azaldu du Abaroak. Bertatik iritsi daiteke, besteak beste, kanposantura, Aritxatzura, futbol zelaira edo autokarabanentzako egokitutako aparkalekura. Gainera, obra honen bitartez, inguruko bizilagunen bizi kalitatea hobetuko dela uste du Abaroak.
Igogailua eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri, eta gunea kamara bitartez kontrolatuko dute; ezbeharrik ez egotea espero du udalak. Hala ere, edozein arrazoirengatik igogailuak funtzionatzeari uzten badio, ondoko eskailerak mantenduko direla ean dute. Modu horretan, gura duenak oinez igoteko aukera ere edukiko du.
Itxasbegiko proiektua. Udalak herriko iriste erraztasuna hobetzen jarraitzeko lanean jarraitzen duela esan dute. Hala, Itxasbegiko iriste erraztasuna hobetzeko hartu zuten konpromisoan lanean ari direla gaineratu dute. Igogailu edo elementu mekaniko bat jartzeko proiektua aztertzen ari direla aipatu du Abaroak, laster horren inguruko berriak emango dituztela gaineratuz.