Alluitz de Bilbao eta Jone Oar-Arteta dira Espainiako mendi lasterketetako txapelduna eta txapeldunordea
Bi atletek lehen eta bigarren amaitu zuten zapatuan Albaceten lehiatutako proba. Tituluak Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketan parte hartzeko txartela eman dio De Bilbao kortezubitarrari.
18 urtez azpikoen kategorian, Alluitz de Bilbao eta Jone Oar-Arteta dira Espainiako trail lasterketetako txapeldun eta txapeldunorde berriak. Zapatuan Rioparren (Albacete) jokatutako proban lehen eta bigarren sailkatu dira Gernika Atletismo Taldeko atletak, hasieratik amaierara arte lasterketaren buruan egon eta gero. “Emaitza horrekin borobildu egin dute 2022a. Izan ere, biek ala biek pista, kros eta mendiko denboraldi paregabea egin dute”, adierazi dute taldeko arduradunek.

De Bilbaok 26 minutu eta bost segundoko denboran bete zuen 256 metroko desnibel positiboa zeukan bost kilometroko lasterketa, eta 25 segundo gehiago behar izan zituen Oar-Artiteak helmugaratzeko.
Eurekaz batera aritu ziren Diana Ilau eta Amets Antxia gernikarrak, eta “lasterketa ona” egin zutela adierazi dute entrenatzaileek. Izan ere, seigarren eta zazpigarren sailkatu ziren, hurrenez hurren, 33:11 eta 33:27 denboragaz.
Ibon Bilbaok entrenatutako atletek zirkuitu lehorrean eta tenperatura onarekin lehiatu zuten proba.
Espainiako trail tituluak Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketan parte hartzeko aukera eman dio De Bilbaori. Esan dutenez, oraindik ez daki 18 urtez azpikoen kategorian –berak lehiatzen duena– lehiatzeko eta 20 urtez azpikoetan aritzeko deituko dioten. Lehenengo kategorian izanez gero, ekainaren 25ean lehiatu beharko luke Italian, baina, 20 urtez azpikoetan lehiatzekotan, La Palman (Espainia) ariko litzateke uztaileko lehenengo asteburua.