Aitor Etxebarriazarraga da Argi Baltza lehiaketako lehen finalista
203,5 puntugaz irabazi zuen atzo Ajangizko lehenengo kanporaketa, eta finalera sailkatzea lortu du. Domekan, Gautegiz Arteagan lehiatuko dute bigarren saioa.
Ajangizko frontoia bete zuen atzo Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketako lehenengo kanporaketak. Aitor Etxebarriazarraga, Sarai Robles, Jone Larrinaga, Iker Uriarte, Aner Peritz eta Peru Abarrategi aritu ziren bertsotan, eta Etxebarriazarraga izan zen onena.
Ajangizko garaipenagaz, Muxikan lehiatuko den finalerako zuzeneko txartela eskuratu du bertsolari gernikarrak. Izan ere, kanporaketa bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera, eta beste hirurak puntuazioaren arabera erabakiko dira.
203,5 puntu eskuratu zituen Etxebarriazarragak, eta 196 puntu bildu zituen bigarren sailkatu zen Peritzek. Roblesek 184,5 puntu jaso zituen, eta hiru gutxiago Abarrategik; zehatz esateko, 181,5 puntu lortu zituen. Larrinagak 178 puntuko balorazioa izan zuen, eta Iker Uriartek, berriz, 161 puntukoa.
Atzoko saioan 46 ikus-entzuleren aurrean aritu ziren bertsolariak, eta antolatzaileek adierazi dute “giro polita” izan zela bertan. “Zihara Jainagaren gidaritzapean arrasto itzela utzi dute oholtzan gazteek. Jende mordoa batu da Mendietako frontoian eta gozatu edarra hartu du ikusle bakoitzak”, adierazi dute antolatzaileek.
Hurrengoa Gautegiz Arteagan.
Maila ona erakutsi zuten atzo Ajangizen, eta Gautegiz Arteagako hurrengo saioan hori mantentzea espero dute antolatzaileek. Domekan, 18:00etan, Gautegiz Arteagako Udal frontoian batuko dira bertsozaleak, eta Mikel Retolazaren, Janire Arrizabalagaren, Unai Mendibururen, Irune Basagoitiren, Ane Zuazubizkarren eta Aitor Servierren bertsoez gozatzeko aukera izango dute.