Merkatu plazan, zapatuan, 12:30ean jarri dute biltzeko hitzordua. Martxoaren 19an Astran adostu zuten manifestura 328 pertsona atxikitu dira.
Gerrari ezetza esateko eta elkarrizketa, bakea, bizitza eta burujabetza eskatzeko elkarretaratzea egingo dute Gernika-Lumoko Merkatu plazan, zapatuan; 12:30ean jarri dute bertaratzeko hitzordua.
“Errusiak Ukraina erasotu izanak elkartzen gaitu, eta eraso horren aurrean gerra gelditzea eskatzen dugu, soldaduak haien jatorrizko herrialdeetara bueltatzea eskatzen dugu, elkarrizketaren bidez bakea erdiestea eskatzen dugu eta bizitzak eta herrien burujabetza errespetatzea eskatzen dugu. Euskal Herriak gerrari ez esaten dio”, adierazi dute.
Gernika Batzordeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Lobak, LAB sindikatuak, Steilas sindikatuak, EH Bilduk, Sortuk, Ernaik, Etxebarrieta memoria elkarteak eta Berri Otxoak adostu zuten manifestua martxoaren 19an Astran, eta azken asteetan 328 pertsona atxikitu dira.
Gerrarekiko aurkakotasunaren, bakearekiko, akordioarekiko eta elkarrizketarekiko adostasunaren eta herrien burujabetzarekiko aldekotasunaren printzipioekin bat eginda batu ziren kulturarako fabrika sozialean. Lan-bileraren ondoren,
manifestua aurkeztu zuten, eta horri zenbait ekarpen edota iradokizun gehitu dizkiote. Bertan gogoratu bezala, gerraren mina eta txikizioa jasandakoa da
Euskal Herria, eta oraindik bizirik daude gerra bizi izan zuten herrikide horietako batzuk. “36 urte bete dira Hego Euskal Herriak
NATOri ezezko borobila eman ziola, eta izaera antimilitarista horrek soldaduskari intsumisioz erantzuteko bidea ere hartu zuen gurean, eta, biak ala biak, gaurkotasuna izaten jarraitzen duten jarrerak dira”.
Azpimarratu dute Ukrainan bakarrik ez, Sirian, Yemenen, Palestinan, Saharan, Kurdistanen, Afganistanen eta “bestelako gerra edo gatazka ahaztueetan axola duten bizitzak daudela” eta herritar horien guztien bizitzek ere garrantzia daukatela, eta herri horiek guztiek merezi dutela bakea: “Haien exodoak laguntzarik ez badu ere, milaka eta milaka dira gerra horietatik ihesi Europara iristen saiatu direnak, baita munduko beste lekuetako bortizkeria, desjabetze eta pobreziatik datozen milaka senegaldar, maliar, nikaraguar, ekuadortar eta abar luze bat. Ez dugu ahaztu, nahiz eta lausotua sentitu, gure herrikide asko kanpora joan behar izan zirela eta beste herri batzuetan abegiz eta elkartasunez hartu gintuztela. Guretzat nahi duguna nahi dugu besteentzat ere”.