Zetazeoak ikusteko denboraldia abiaraziko dute apirilean
Bermeoko portutik abiatzen dira irteerak itsasontziz, eta bi mota daude aukeran. Aurtengo denboraldiko irteera guztiak hilabetez hilabete iragarriko dituzte Ekoetxearen webgunean.
Aurten ere, apiriletik aurrera zetazeoak ikuskatzeko aukera eskainiko dute Ekoetxea Urdaibaik, Verballenasek eta Hegaluzek. Izan ere, elkarlanean, Zetazeoak 10etan programa antolatu dute.
Zetazeoak 10etan programaren bitartez, ugaztun espezie horien kontserbazioak duen garrantziaz jabetu gura da, euskal kostaldetik hurbil dabiltzan zetazeoak bertatik bertara ikuskatuz. Modu horretan, bisita gidatuak egiten dituzte itsasontziz, “segurtasun neurri zorrotzekin, zetazeoak ez kaltzeko, ez gogaitzeko eta ez kezkatzeko”.
Aurtengo denboraldiko irteera guztiak hilabetez hilabete iragarriko dituzte Ekoetxearen webgunean; apirilean hasi eta urrira bitartean izango dira. Horietan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea: 94-687 04 02/info.urdaibai@ekoetxea.eus.
Bi irteera mota daude aukeran, eta biak Bermeoko portutik abiatzen dira. Zetazeoak 10etan irteera lau ordu eta erdikoa da, 09:30etik 14:00etara artekoa. Parte hartzaileek 7 urtetik gora izan behar dituzte. Zetazeoak 10etan PRO irteera, sei ordukoa da, 09:00etatik 15:00etara arte, eta 16 urtetik gora eduki behar dira parte hartzeko.
Iaz egindako hamalau irteeretako batean bakarrik ez zuten espezierik ikusi; “behaketen arrakasta ratioa %93,3koa da”.