Ukrainara bidaltzeko materiala batuko dute Busturialdean
Ajangizko Maierren, Bermeoko San Frantzisko Parrokian eta Gernika-Lumoko Zuazua bakailao dendan eta Rugby Tabernan askotariko materialak, arropak eta elikagaiak batzen ari dira Ukraniara bidaltzeko.
Ukrania-Euskadi garapenerako laguntza eta eragile soziokulturalak Ukraniara bidaltzeko bilketa solidarioa martxan ipini du, eta bilketa leku batzuk zehaztu dituzte Ajangizen, Bermeon eta Gernika-Lumon; hain zuzen, Ajangizko Maier Kooperatiban, Bermeoko San Frantzisko Parrokian eta Gernika-Lumoko Zuazua bakailao dendan eta Rugby tabernan askotariko materialak, arropak eta elikagaiak batzen ari dira.
Besteak beste, garbitasun pertsonalerako materiala, janaria, neguko arropa, material soziosanitarioa… batuko da. Martxoaren 8ra bitartean egingo dute bilketa Maierren eta martxoaren 10era arte Bermeon; Gernikan ez dute epemugarik zehatzu.
Logistika eta beharrezko materialak bermatzeko bost atal bereizi dituzte: garbitasun pertsonala (xaboia, hortzetako pasta, eskuilak, konpresak, pixoihalak…), elikadura (elikagai ez galkorrak eta kristalezko ontzirik gabekoa), berokiak eta hotzari aurre egiteko materiala (barruko arropa termikoa, eskularruak, neguko arropa, galtzerdi termikoak, lo-zakuak, esterilak, metxeroak, pospoloak, botila termikoak, linternak…), material soziosanitarioa (maskarak, txabusina kirurgikoak, bendak…) eta elkartearen kontu korrontea zuzenean egin ahal izango diren donazioak.
Bermeoko Udalak irmoki gaitzetsi du Errusiaren inbasioa Ukrainan. “Ukrainarrak oso egoera larria bizitzen ari dira eta ezin dezakegu beste alde batera begiratu. Bilketaren helburua da behar-beharrezkoa dutena jasotzea. Bakoitzak ahal duen neurrian lagunduko du eta seguru nago bermeotarrok, beti bezala, oraingoan ere bikain erantzungo dugula. Laguntza eskatu ziguten, eta noski, bide horretan aurkitu gaituzte. Gure betebeharra da”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Diru-bilketa. Ukrania-Euskadi garapenerako laguntza eta eragile soziokulturalak kontu korronte zenbaki bat zehaztu du dohaintzak jasotzeko: 2095 5001 00 9114437029.
Adierazi dutenez, oso garrantzitsua da kontzeptuan “donazioa” zehaztea, eta titularraren izenean “Asociacion Socio Cultura y de Cooperacion al Desarrollo Ucrania Euskadi” jarri beharko da.
Informazio jaso gura dutenentzat, telefono zenbakiak (642 77 27 60/636 07 96 90) eta posta elektronikoa bat (ucraniaeuskadi@gmail.com) eman dituzte.