"Espioitza" egotzi diote Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarrari
Haren abokatuak jakinarazi duenez, Poloniako Rzesow hirian atxilotuta dago. Nabarnizko Udalak elkarretaratzea deitu du domekarako; 13:30ean plazan jarri du batzeko hitzordua, eta herritarrei gerturatzeko deia egin die.
Poloniako Rzesow hirian behin-behineko espetxealdian dago Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarra, Espainiak Polonian duen kontsulatuak Gonzalo Boye haren abokatuari jakinarazi dionez. “Espioitza delitua” egotzi diote Gonzalezi, Poloniako Kode Penalaren 130.1 artikuluan oinarrituta.
Hain zuzen ere, astelehenean atxilotu zuten Gonzalez hiri horretan bertan. Naiz, Publico eta La Sexta hedabideetan kolaboratzen du, eta Ucrainatik Poloniara ailegatutako migratzaileen berri ematera joan zen hara. Atxilotu zutenetik, inkomunikatuta eduki dute Gonzalez, haren abokatuak eta senideek sarritan salatu dutenez.
Boyek Espainiak Polonian duen kontsumoari eskatu zion “babes diplomatikoa ahalik eta lasterren” eman diezaiola kazetariari, hura “osasuntsu” aska dezaten. Izan ere, abokatuak salatu duenez, inkomunikazio egoeran zuten kazetaria, eta abokatu barik galdekatu zioten; Boyeren arabera, helburu bakarra “bere borondatea asmo ezezagunekin makurtzea izan zitekeen”.
Prentsaren Nazioarteko Insititutuak gaitzetsi egin zuen atzo Gonzalez kazetari elantxobetarraren atxiloketa. Kazetaria berehala askatzeko eskatu zuen erakundeak. “Ez dute esan zergatik atxilotu zuten, eta ukatu egin diote abokatuarekin eta familiarekin hitz egiteko aukera”, salatu zuen Oliver Money-Kyrle, erakundearen Europako buruak.
Nabarnizko Udalak, bere aldetik, elkarretaratzea deitu du domekarako; 13:30ean plazan jarri du batzeko hitzordua eta herritarrei gerturatzeko deia egin die. Prentsa askatasunaren alde egingo dute, eta Gonzalez “berehala” askatzeko eskatuko diete agindariei, “kazetaritza ez delako delitua”.