Emakumeen kultur arloko talentuari aitortza
Ezohiko batzarrak hainbat kultur modalitatetan indar handiz nabarmendu diren Nerea Ibarzabal Salegi, Gurutze Beitia Basterretxea, Josune Urrutia Asua, Afrika Bibang eta Edurne Portela Camin bizkaitarren lana goraipatu du.
Bizkaiko Emakume Hautetsien VI. Batzarrak emakumeen kultur arloko talentua omendu du gaur. Hain zuzen ere, lurraldeko politikarien eta hautetsien aitortza jaso dute Nerea Ibarzabal Salegi bertsolari markina-xemeindarrak, Gurutze Beitia Basterretxea aktoreak, Josune Urrutia Asua ilustratzaile eta marrazkilariak, Afrika Bibang abeslariak eta Edurne Portela Camino nobelagileak, “Bizkaiko emakume guztien ordezkari moduan bakoitzak bere arte eremutik egindako lanagatik eta sormen ibilbideagatik”.
Nerea Ibarzabalek aitortza eskertu eta bertso bota du Gernikako Batzarretxean. Emakume eta kultur langileen borroka lehen lerrotik ezagutzen du Ibarzabalek, eta nahiz eta oholtzak toki ederrak izan kanpotik, emakume askok ezin dituztela horiek ezagutu salatu du, “asko nahi baino lehenago urruntzen direlako fokotik”. Hori dela eta, andre kulturgileak goraipatu ditu, eta idazten, pentsatzen, esaten edota kantatzen jarraitzeko indarra bialdu die: “Gaur andre kulturgileak goraipatzea dagokit: idatzi, pentsatu, esan edo kantatu gogotik; beste inork ezin baitu hitz egin gure ahotik”.
Bizkaiko Batzar Nagusietako eserlekuak emakumeek bakarrik bete dituzte gaurkoan, eta Batzar Nagusietako lehendakaria den Ana Otaduik emakumeek politikan eta bizitzako gainerako esparruetan duten presentzia ikusarazi gura izan du. “Emakumeek kulturan izan duten eragina etengabekoa izan da historian zehar, baina ikusezin izaten jarraitzen dute. Horregatik, batzar berezi honetan, historian zehar gure kultur ondarearen parte izan diren euskal emakume guztien talentua eta ospea aldarrikatu gura ditugu”, adierazi du.
Berdintasunerantz aurrerapauso “nabarmenak” eman diren arren, Otaduiren iritziz “oraindik asko falta da kristalezko sabaia apurtzeko”. Gainera, “oraindik ere” emakumeek euren proiektuak eta helburuak betetzeko “oztopoak eta zailtasunak” aurkitzen dituztela adierazi du.
Emakumeen batzarrari amaiera emateko, omenduek argazkia atera dute Gernikako Arbolaren ondoan, eta eurekaz batera egon dira zinegotziak, euskal batzarkideak, legebiltzarkideak eta lurraldeko politikariak. Horien artean, egon ziren Busturialdeko hautetsiak.