Mikel Urdangarinek bere ibilbidearen errepasoa egingo du Lizeo Antzokian
Musikagintzan 25 urte bete dituela ospatuz, kontzertu biran murgilduta dago Mikel Urdangarin zornotzarra. Aro berri bati ekin diola adierazi du. Otsailaren 5ean Madrilgo Caracol Aretoan hasi zuen 25 Tour bira. Oraingoan, Gernika-Lumon egingo du geldialdia.
Bihar [martxoak 4], 19:00etatik aurrera, Lizeo Antzokian eskainiko ditu bere ibilbideko kantuak. Hain zuzen ere, 25 Tour birak errepertorio berezia dauka. Bere ibilbidea eta abesti aipagarrienak errepasatuko ditu, horietako asko, belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duten euskal musikaren benetako altxorrak.
Bihar, laukote formatoan eskainiko dute kontzertua. Sarreral 12 eurotan erosi beharko dira, eta Laguna txartela daukatenek, berriz, 9 eurotan.
Biran, beste leku askoren artean, New Yorkera joango da zornotzarra udaberrian, eta urte amaieran, baita Salamancara, Logroñora eta Bartzelonara. Gainera, beste hainbat emanaldiren artean, kontzertu oso bereziak eskainiko ditu aurten, eta 2023an, esate baterako, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera ariko da, bere 100. urteurrenean.