Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan dio eutsi Movistar Estudiantesi
68-63 galdu zuten Magariñoseko partidua, sentsazio bikainekin abiatu zuten arren. Berdintasuna izan zen nagusi saio osoan, eta azkenean etxeko taldea irabazle atera zen.
Partidu garrantzitsua zen atzokoa Lointek Gernika Bizkaia taldearentzat: martxora begira oso esanguratsua. Hilabete horretan, izan ere, Emakumezkoen Endesa Ligan dabiltzan taldeek Erregina Kopako anbizioa izaten dute, eta sailkapena erabaki ohi duten azken jardunaldiak ere orduantxe izaten dira. Lointek Gernika Bizkaia eta Movistar Estudiantes batu zituen atzoko partiduak, otsailean egon arren, playoff kutsua zuen. Talde gernikarra, behintzat, ikuspuntu eta jarrera horregaz atera zan kantxara. Hasiera-hasieratik, Roso Buch bete-betean saiatu zen hiruko jaurtiketetan, eta lehendabiziko laurdenean Gernika KESBeko neskek markagailua 4-17ra eroatea erdietsi zuten.
Lehen zati horretako azkenengo minutuetan, baina, etxeko taldeak bere tokia aurkitu zuen kantxan, eta apurka-apurka gernikarrek lortutako errenta murrizten joan ziren. Lan horretan, aipagarria izan zen Arica Carterrek eta Nadia Fingallek osatutako bikotea: lehenengoak kanpoaldetik lortu zituen emaitzak, eta bigarrenak, ostera, jokagunearen erdialdetik egin zuen eraso. Lehenengo zatia bukatzeagaz, gernikarrek lortutako aldea ia-ia berdinduta zuten madrildarrek: 18-22.
Bigarren aldiko ezaugarri nagusia berdintasuna izan zen, eta etxeko taldeak partidua gura zuten eremura eramateko saiakera egin zuten. Lointek Gernika Bizkaiako Lashann Higgsek kanpoaldeko jaurtiketak baliatu zituen areroari min egiteko; era berean, saskipean jokatzea bilatu zuten, Leslie Knight partiduan ez zela aprobetxatuz eta Paula Ginzoren sasoi puntu bikaina zukutuz. Gauzak horrela, bigarren zatiak gerra baten tankera izan zuen: bi taldeek aukera oro aprobetxatu gura zuten, bakoitzaren indarguneak erabiliz. Hori bai, Carterrek eta Fingallek osatutako bikoteak emaitzak lortzen jarraitu zuen: 16 eta 17 puntu egin zituzten, hurrenez hurren. Bigarren aldia 35-37 amaitu zen.
Hirugarrenean berdintasuna hazi besterik ez zen egin. Bi taldeen jokoak ez zuen arnasa hartzeko tarterik eskaini, jokaldi bakoitza bai batentzat, bai bestearentzat hil ala bizikoa baitzen. Arica Carterren jaurtiketa libreek etxekoak aurretik jarri zituen. Gernika KESB, aldiz, Roso Buchen esku egon zen tarte batzuetan. Jokalari katalana, izan ere, pieza esanguratsua bilakatu da Mario Lopezen joko eskemetan, batez ere, Itziar Ariztimuñoren lesioaz geroztik. Era berean, Gernika KESBen ibilitako Vicky Llorente argentinarrak min handia egin zion gernikarren jokoari, besteak beste, bere distantzia erdiko jaurtiketei esker. Hirugarren aldiak 48-49ko markagailu estua utzi zuen.
Laugarren eta azken aldian ere markagailuak nekez egin zuen nabarmen gora, puntuak banaka-banaka baitzetozen. Movistar Estudiantesek Maria Espinen jokoa baliatu zuen 7 puntuko aldea ateratzeko, partiduko handiena. Lashann Higgsen sarrerak arnas apur bat eman zion Lointek Gernika Bizkaiari; Higgs gai izan zen faltak ateratzeko, asistentziak egiteko nahiz berak baloiak saskiratzeko. Azkenean, Melisa Greterrek jaurtiketa libreak saskiratu zituen 9 segunduren faltan, eta garaipena etxean geratu zen Movistar Estudiantesentzat.