Gernika RT, puntu bakarragatik euskal derbiko galtzaile
Azken txanpan galdu zuten Urbietan jokatutako Ampo Ordizia REren kontrako norgehiagoka, 15-16ko markagailuagaz. Hurrengo saioa sailkapenean euren aurretik dagoen CR La Vilaren aurka jokatuko dute.
Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak porrot mingotsa bizi izan zuen atzo, Ampo Ordizia REren kontrako partiduan. Urbietan jokatutako saio gogorrean, garaipenak azken minutuetan egin zion ihes talde gernikarrari, 15-16 amaituz. Maila handiko derbia izan zen Ohorezko Mailako 12. jardunaldikoa, txapelketa horretan dabiltzan bi talde euskaldunen artean. Gernika RTk taulako azkena bezala hasi zuen norgehiagoka, partidu bakarra irabazita; Ordizia Ampo RT, ostera, taulako laugarren heldu zen Urbietara, zazpi garaipen eskuratuta. Halaber, gernikarrentzat zita oso esanguratsua zen zapatukoa, partidua irabazteak sailkapenean aurretik duten CR La Vilaren aurretik jartzea suposatzen zuelako.
Etxeko taldea oso indartsu zelairatu zen, eta beren jokatzeko moldea inposatzen saiatu ziren. Horretarako, defentsa lan sendoa baliatu zuten, eta, tarte batez, ordiziarrak zailtasunetan jarri zituzten. Lehendabiziko entsegua 12. minutuan heldu zen: Gaizka Iturriaga-Echevarriak etxeko taldea aurreratu zuen. Bai Gernika RTk, bai Ampo Ordizia RTk markagailuan tartea ateratzeko saiakerak egin arren, bien defentsa lerro gogorrek eta jokoa sarritan gelditu beharrak ez zieten utzi alde handirik sortzen. Hortaz, 5-3eko markagailuagaz iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren aldian, baina, talde bisitaria gailendu egin zen Urbietan. Hamar minutu eginda, 5-13ra eroan zuten markagailua; batetik, Lander Mujikak zigor ostiko bikain bat egin zuen; bestetik, Diego Carvajalesek entsegu bat transformatzea lortu zuen. Dena dela, Gernika RTkoak ez ziren kikildu, eta atzera norgehiagokaren buruan jartzea erdietsi zuten. Estanislao Renthelen zigor ostikoa eta Francisco Jose Gonzalezen entsegua izan ziren horren eragileak. Partidura itzulera horregaz, Urbietara hurreratutako zaleak piztu egin ziren, eta Gernika RTk hurbil ikusi zuen etxeko lehenengo garaipena.
Baina, azken bi minutuan, etxekoen isiltasunak zelaia bahitu zuen: Lander Mujikak drop-a jaurti, markagailuan 15-16koa ezarri, eta Ordiziako taldeari eman zion garaipena. Gernikarrentzat, aldiz, kolpe oso latza izan zen. Izan ere, Ohorezko Maila amaitzeko lau jardunaldiren faltan, taulako azken postuan jarraitzen du Gernika RTk.
Datozen norgehiagokei begira, hurrengo asteburuan ez dute partidurik izango, baina martxoaren 6koa, berriz, benetan esanguratsua izango da Gernika RTrentzat: puntu bakarraren aldeagaz, taulan euren aurretik dagoen Villajoyosako CR La Vilaren kontra lehiatuko dira, El Pantanoko zelaigunean. Partidu horrek, horrenbestez, final baten kutsua izango du gernikarrentzat, zuzeneko arerio baten kontra ibiliko baitira.
Gernika RTko entrenatzaile Eduardo Maidagan “nahiko asebeteta” agertu da bere taldeak lehen zatian izandako jarreragaz eta jokoagaz, baina azaldu du Ampo Ordizia “askoz hobeto” ibili dela bigarren aldian. Halaber, azken txanpan partidua galtzearen “zorte txar erraldoia” izan du ahotan, eta itxaropentsu agertu da datozen partiduei begira, taldearen jokoaren dinamikak “oso onak” direla esanez.