Ama hizkuntzak plazaratzeko erronka bota du aldundiak
Ama Hizkuntzen Eguna da gaur, eta Bizkaian dagoen hizkuntza aniztasuna ikustarazteko erronka abiarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Izan ere, Bizkaian 140 ama hizkuntza baino gehiago daude.
Ama Hizkuntzen Eguna da gaur, otsailaren 21a. Hala adierazi zuen UNESCOk 1999an, kultura aniztasuna eta eleaniztasuna sustatu asmoz, eta gaur, eguna ospatzeko erronka bota du Bizkaiko Foru Aldundiak. Herritarrei eskatu die norberaren ama hizkuntzan esaldi bat grabatzeko eta euren sare sozialetara igotzeko, #AmaHizkuntzenEguna erabiliz; Facebook, Twitter eta Instagram erabiltzeko eskatu dute.
Aldundiaren helburua da ama hizkuntzen balioa nabarmentzea, Bizkaian erabiltzen diren ama hizkuntza ezberdinen presentzia azaleraziz. Aldundiak iaz argitaratu zuen ikerketa baten arabera, lurraldean 140 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. “Euskara hizkuntza horientzay guztientzat zubi eta aterpe izatea denon zeregina dugu. Hortan ari gara lanean Bizkaiko Foru Aldundian”, azaldu dute aldundiko ordezkariek.
Gainera, gaurko eguna aprobetxatuta, aldundiak bat egin du Hizkuntza Aniztasunerako Europako Sarearen ekimenarekin. Hain zuzen ere, Euskara Bizia Batzordeko kideekin elkarlanean, Europako sare horretan partekatu ditu euskaraz sortutako bideo laburrak: “Europako gainerako hizkuntzen parean euskarak ere bere lekua baduela erakusteko”. Zehazki, aldundiak euskarazko esaera zaharrak dituzten 50 ikus-entzunezko labur baino gehiago bidali ditu.