19.981 bisitari izan ditu Batzarretxeak azken sei hilabeteetan
Bisitari gehienak Kataluniatik, Madriletik eta Andaluziatik gerturatu dira udalerrira. Iazko ekainean hamasei hilabete itxita egon eta gero, sarbidea kontrolatzeko sistema berri bategaz zabaldu zuten eraikina.
Gernika-Lumoko Batzarretxeak bisitarien joan-etorria berreskuratu zuen iaz. Gernikako Arbola hartzen duen egoitza nagusia elementu garrantzitsua izan zen Bizkaitik kanpoko turismoa erakartzeko. Izan ere, ekainetik eta abendura bitartean, ia 20.000 lagunek bisitatu zuten. Kontutan eduki behar da uda aurretik barrutia itxita egon zela bisitarientzat.
Iazko ekainean hamasei hilabete itxita egon eta gero, sarbidea kontrolatzeko sistema berri bategaz zabaldu zuten eraikina. Sistema horrek orduko 22 laguneko edukiera kontrolatu zuen barnealdean; lorategian, berriz, ez zen edukiera mugarik egon.
Urteko bigarren seihilekoan 19.981 pertsonak zeharkatu zituzten Batzarretxeko ateak. Horien erdiak Kataluniatik, Madriletik eta Andaluziatik udalerrira gerturatutakoak izan ziren. Gainera, nazioarteko 3.144 bisitari gerturatu ziren, gehienak Frantziakoak.
Kopuru horiei bisita instituzionalen etenik bariko jarioa gehitu behar zaio, hala nola, Quebeceko Gobernuaren ordezkaritzarena, Korsikako presindentearena, edo Venezuelako, Georgiako eta Europar Batasuneko herrialde gehienetako enbaxadoreena.
Jarduera parlamentarioa %20 handitu da. Bisitarientzako ateak zabaltzeaz gain, 2021ean Bizkaiko Batzar Nagusiek areagotu egin dute euren jarduera parlamentarioa, pandemia aurreko batzar kopurua gaindituz. 2021ean Batzar Nagusietako egoitzetan –Bilbon eta Gernikan– online deitu zituzten osoko batzarrak eta herritarrentzat zabaldu dituzten batzordeak kontutan hartuta, lan parlamentarioak %20ko hazkundea izan du aurreko urteagaz alderatuta, eta %17koa 2019a erreferentzia modura hartuta. Iaz, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak osoko 25 batzar deitu zituen Gernikan, 2020an baino 11 gehiago.
Ohiko saioei izaera sozialagoa duten beste saio batzuk gehitu behar zaizkie, horren artean, Emakumeen Asanblada, osoko batza txikia edota Fair Saturday Fundazioagaz antolatzen den Kultura eta Etorkizuna gazteen osoko batzarra.
Batzar Nagusiko taldeen lana neurtzerakoan, parlamentuaren saio kopurua zebatzen dute; hau da, foru arauak onartzeko eta aldundiaren kontrol lana egiteko zenbat saio egin dituzten zenbatzen dute.