Lau data izango ditu aurtengo Urdaibai Kopak
Ibarrurin, Gernika-Lumon, Nabarnizen eta Gautegiz Arteagan egingo dituzte mendi lasterketak. Martxoaren 6an lehiatuko dute lehenengoa, eta zabalik dago izen ematea.
Koronabirusaren pandemiak ekarritako bi urteko geldialdiaren ostean (2020an proba bakarra egin ahal izan zuten), 2022ko Urdaibai Kopa lau mendi lasterketaz osatuta egongo da. Aurtengo egitaraua martxoa eta iraila artean ospatuko dute, Busturialdeko herrietan. Lehenengo lasterketa Ibarrurin egingo da, martxoaren 6an. Ondoren, Gernika-Lumoko Mendijaiaren eta Nabarnizko Illuntzar mendi lasterketaren txanda izango da, hurrenez hurren. Lehenengoa maiatzaren 8an izango da, eta bigarrena, aldiz, uztailaren 25ean. Aurtengo edizioa Gautegiz Arteagan amaituko da, irailaren 11n.
Martxoaren 6ko zitan, bi ibilbide izango dituzte Ibarruriko mendi martxako parte hartzaileek. Martxa luzea 08:30etan hasiko da, eta mendizaleek 20 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Mendi lasterketara izena emandakoak, ostera, 10:00etan abiatuko dira, horiek ere 20 kilometroko ibilbidea betetzeko. Antolakuntzak 2022ko edizioa egokitu egin behar izan du, COVID-19aren ondorioz. Egokitzapen horiek tarteko, aurten ez da martxa laburrik egongo.
Era berean, bai martxa luzeko, bai mendi lasterketako parte hartzaile kopurua mugatua izango da. Martxan 300 pertsonak eman ahalko dute izena; lasterketan, berriz, 200 pertsonako muga izango da. Antolakuntzak parte hartzaileei zentzuz jokatzea eskatu die aurretiaz, ibilbideak jabetza pribatuko hainbat eremutatik pasatuko baitira. Horrez gain, aurreratu dute bi ibilbideek 1.100 metroko igoera izango dutela, eta korrikalariak Oiz mendiraino igo beharko direla.
Bi hitzorduetarako izen emateak dagoeneko zabalik daude, otsailaren 27ra arte. Internet bidez egin behar da www.herrikrosa.eus webgunean, 8 euroren truke. Antolakuntzak, egungo egoera dela eta, erantzukizunez jokatzea eskatu die parte hartzaile guztiei. Derrigorrezkoa izango da korrikalariek eta bertaratzen direnek musukoa erabiltzea, batez ere, lasterketak hasi orduko eta amaitu ondoren. Pertsonen arteko segurtasun distantziak gordetzeko ere eskatu dute.