Inma Ruiz, pista estalian garaile
Espainiako txapelketan lehiatu dituen hiru probetatik bitan gailendu da Ruiz.
Inma Ruiz gernikarrak urrezko domina irabazi berri du Valentzian, hilaren 4tik 6ra bitartean lehiatu den master mailako Espainiako pista estaliko txapelketan. Ruiz F60 mailan ibili da, eta hiru distantziatako probak lehiatu ditu: 400 metrokoa, 800ekoa eta 1.500ekoa.
2021eko Ourenseko Espainiako txapelketa atzeratu egin zuten, eta azaroan egin zen azkenean. Beraz, Ruizek maila horretako bi txapelketak bi hilabete eta astebetean egin behar izan ditu. Dena dela, lortutako emaitzak, bere arabera, “bikainak” izan dira, lehiatutako hiru probetatik bitan hobetu baitu azaroan Ourensen lortutako denbora marka.
Zapatuan, 400 eta 800 metroko lasterketetan ibili da. Goizeko sektorean, 400ekoan, urrezko domina lortu du, minutu eta hamaseiko denboragaz. Zazpi segunduko aldea atera dio bigarren sailkatuari, eta bederatzikoa hirugarrenari. Ez du lortu azaroko marka hobetzea, baina hurbil geratu da. Arratsaldean ere emaitza onen martxari eutsi dio, 800 metroko lasterketa ere irabazi baitu. Sektore horretan bi minutu eta berrogeita hiru segunduko denbora behar izan du, bigarren eta hirugarren sailkatuek baino hamaika eta hogeita bost segundu gutxiago, hurrenez hurren. Gainera, azarotik zekarren marka hobetzea ere lortu du, eta ia-ia lehiaketa osoko denborarik onena hobetzea ere bai.
Domekako saioan, 1.500 metrokoan, bigarren postua lortu du Ruizek, bost minutu eta hogeita lau segunduko denboragaz. Irabazleak baino zortzi segundu gehiago behar izan ditu, eta hamasei atera dizkio hirugarrenari. Baina, bigarren sailkatu arren, azaroan distantzia horretan lortutako erregistroa hobetu egin du Ruizek.