Busturialdeko bost udalerritako kirol azpiegiturak hobetzen diruz lagunduko du aldundiak
Arratzu, Bermeo, Gernika-Lumo, Ibarrangelu eta Muxikako kirol azpiegiturak hobetzeko diru laguntzak aurreikusi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Diru laguntzak udaletako kirol instalazioen diseinu, irisgarritasun, segurtasun eta iraunkortasun ereduak hobetzen laguntzea bilatzen du.
Bizkaiko Foru Aldundiak 10 milioi euro inbertituko ditu Bizkaiko 50 udalerritako kirol azpiegiturak hobetzeko, tartean daude Busturialdeko bost: Arratzu, Bermeo, Gernika-Lumo, Ibarrangelu eta Muxika. Diru laguntzaren bitartez, udalerri desberdinetako proiektuak partzialki finantzatuko ditu aldundiak, horietan hobekuntzak egiten laguntzea baita asmoa.
Helburu nagusia da lurraldeko kirol azpiegituren sareak gaitasuna izatea kirola egin nahi duten adin eta baldintza guztietako pertsonen kirol premia aldakorrei “modu egokiagoan” erantzuteko. Izan ere, laguntzak udaletako kirol instalazioen diseinu, irisgarritasun, segurtasun eta iraunkortasun ereduak hobetzen laguntzea bilatzen du, bizkaitarrek instalazio horien erabilera “intentsiboa, berdintasunezkoa eta balioaniztuna” egin dezaten.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak pertsonen bizi kalitatea eta aukera berdintasuna nabarmendu ditu; izan ere, dioenez, lurraldeko herri guztiek eta pertsona guztiek kirol “aukera berberbak” dituzte. Programa honetan mota guztietako 50 udalerri diruz lagunduko dituzte, txikiak, ertainak eta handiak, eta laguntza horiek 815.000 biztanlerengan eragin zuzena izango dute. “Bizkaiko hamar pertsonatik zazpik zuzenean hobetuko dituzte kirol instalazioak aldundiaren eta udalen programa honi esker”.
Laguntzekin instalazioen egitura aldaketak lagundu gura dituzte, baita instalazioak egokitzea edota jarduerak finantzatzea ere; xede horien barruan sartzen dira, halaber, ekipamendua ordeztea eta lehendik dauden instalazioak birbanatzea edo instalazio berriak eraikitzea. Besteren artean, aldagelak gaintzeko, iriste erraztasuna hobetzeko, kirol eremuak estaltzeko, igerilekuak berritzeko, errugbi zelaia eraikitzeko, padel pistak eta rokodromoa egiteko eta hobetzeko, eta instalazioetan erabilera anitzeko espazio berriak sortzeko aurreikusi dituzte laguntzak.
Foru erakundearen asmoa bizkaitarren kirol aukerak “areagotzea” eta “kirol jardueraren baldintzak hobetzea” da, baita lurralde oreka lortzen laguntzea ere, diruz lagundutako proiektuak Bizkaia osoan banatuko baitituzte. “Garatzen diren instalazioek zerbitzua emango diote kokatuta dauden eskualdeari”.