Santa Ageda egun eguzkitsu eta alaiaz gozatu dute natxituarrek
Egun handia da Natxituan Santa Ageda eguna, eta egutegietan gorriz markatutako egun horietako baten modura ospatu dute natxituarrek.
Negua epeltzen eta girotzen duten ohitura zaharren garaia da otsailaren hasiera. San Blaseko kordoiak soinean dituztela, kandelak eta makilak eskuetan hartu dituzte Busturialdeko herritarrek. Aspaldiko ohiturak sustraituta daude eskualdean, eta beste urte batez, zenbait herritako kale eta txokoak tradizioz bete dira oraingoan ere.Ā
Egun handia da Natxituan Santa Ageda eguna, eta egutegietan gorriz markatutako egun horietako baten modura ospatu dute gaurko eguna. Eguzkiak argitu du goiza, eta natxituarrek eguzkiaren epeltasunean gozatzeko aukera izan dute. Herriko paraje ederrean makilak eskuetan hartu eta eztarriz sano dabiltzala erakutsi dute, herriko txokoak kantuz alaitu baitituzte. Oles egitera atera dira herriko txiki, gazte, heldu eta nagusiak, eta aterik ate ohitura zaharra aurten berritzeko asmoa dutela erakutsi dute.
Goizeko koplen lekua bertsoek hartu dute eguerdian. Ander Elortegi eta Xabat Galletebeitia bertsolariak arduratu dira Bolatokia eta Ermintxo bertsoz betetzeaz. Adi-adi jarraitu dituzte bat-bateko doinuak natxituarrek, eta bertaratutakoei barre algararen bat edo beste ateratzea lortu dute bertsolariek.Ā
Egun guztian zehar, Arrapaladan taldeko trikitixa eta pandero soinuek musikatu dute herria.Ā