Altuna-Martija bikotea nagusitu da Gernikan
Eskuz Binakako Txapelketaren hamabigarren jardunaldiaren lehen partidan 22-14koa ezarri zuten markagailuan Altunak eta Martijak. Maila oso ona erakutsi zuten, eta Urrutikoetxeak eta Arangurenek ezin izan zituzten gelditu.
Faborito modura kantxaratu ziren, eta ez zuten hutsik egin. Altuna eta Martijak azken zazpi partiduetatik seigarrena irabazi zuten atzo Gernikan. Oraindik txapelketaren hamabigarren jardunaldiko beste partida guztiak jokatu behar diren arren, Eskuz Binakako Txapelketako liderra da bikotea. Bestelako egoera bizi dute Urrutikoetxeak eta Aragurenek. Atzoko partidua galduta, txapelketan aurrera egiteko aukerak asko murriztu zaizkie; bosgarren porrota kateatu zuten atzokoan.
22-14koa ezarri zuten gorriek Gernika-Lumoko Santanape frontoian lehiatu zen partiduan. Ordu eta 11 minutuko iraupena izan zuen norgehiagokan, urdinek eskuratu zituzten lehen puntuak. 0-4 eta 3-6 aurreratu ziren markagailuan, baina Altunari eta Martijari irabazteko tarte batean ondo aritzea ez da nahikoa izaten.
Maila igo eta zazpina berdintzea lortu zuten gorriek, eta gero, hautsi egin zen partidua. Nahi zuen lekuan jarri zuen pilota Altunak, eta Martijak nabarmen igo zuen bere maila, atzean nagusituz.
Urrutikoetxeak ez zuen lehian sartzeko aukerarik izan. 9-19 atzetik zihoazela, 5 tanto jarraian egin zituen, baina berandu zen. Gorriek, gainera, ez zioten gehiago gerturatzeko aukerarik eman, eta 22-14 amaitu zen aurrez aurrekoa.
Altunak adierazi zuen “sentsazio onekin” hasi zuela partidua, baina kosta egin zitzaion lehendabiziko tantoa lortzea: “Hasieran ez naiz ondo aritu tantoak egiten, baina sentsazio onak izan ditut. Bagenekien zelako partidua egin behar genuen eta egin dugu. Mikelek sekulako arriskua dauka, tantoak erraz bukatzen ditu. Agintzea garrantzitsua zen, eta agindu egin dugu eta horrekin gustura gaude”.
Martijak “oso pozik” amaitu zuen norgehiagoka, izan ere, Gernikako puntua lortuta, txapelketaren lehen postuetan mantentzen dira: “Gaurko asmoa zen goian mantentzea, eta lortu dugu”. Txapelketaren hasiera “asko kosta” zitzaiola onartu zuen atzo pilotari nafarrak, baia gaur egun “oso gustura” ari dela dio, “konfiantza gehiagorekin”. Altuna ere maila oso altuan jokatzen ari dela uste du, eta hori nabaritzen dela: “Joko hau mantendu behar dugu”.
Atzoko partida irabazita, beste garaipen bat lortu behar dute finalaurrekoetan sartzeko aukera izateko.