Pilota aukeraketagaz "pozik" geratu dira Urrutikoetxea-Aranguren eta Altuna-Martija
Eskuz Binakako Txapelketako hamabigarren jardunaldia jokatuko dute barikuan, 22:00etan, Santanape frontoian. Gernikako puntua garrantzitsua da bi bikoteentzat, eta gogor lehiatuko dira hori lortzeko. Partidu "oso berdindua" aurreikusi du Altunak, opari gutxien egiten duenak eta aurrean gehien asmatzen duenak irabaziko duen horietakoa.
![](https://busturialdea.hitza.eus/site/files/2022/02/pilota-aukeraketa-santanape-1200x800.jpg)
EPELen Eskuz Binakako Txapelketako hamabigarren jardunaldia jokatuko dute barikuan [otsailak 4] 22:00etan Santanape frontoian. Altunak eta Martijak osatutako bikoteak Urrutikoetxeak eta Arangurenek osatutakoa izango du aurrez aurre, eta neurketan erabiliko dituzten piloten aukeraketa egin dute gaur Gernika-Lumoko frontoian. Altunak eta Martijak aukeratu dute lehenago, eta Urrutik eta Arangurenek gero. Denek ala denek, gustuko duten materiala aurkitu dute, eta “pozik” agertu dira.
Aukeraketa laburra izan da gaurkoa, batzuek eta besteek argi eduki dute zelako materiala gura zuten. “Enpresa bakoitzak jarri dituen piloten artean, eurenak eta gureak zeintzuk ziren argi bereizten zen, baina denak gustatu zaizkigu. Hala ere, guk gureak aukeratu ditugu”, adierazi du Jokin Altunak, eta onartu du txapelketa guztian zehar “oso gustura” aritu dela pilotekin. Mikel Urrutikoetxea ere gustura azaldu da, eta pilota “egokiak” direla onartu du, euren pilotaren bat aurkariena baino zertxobait biziagoa dela esanez. Hala ere, sei pilotak “nahiko antzekoak” direla dio: “Ikusi beharko da partida egunean, horiek berotzen direnean, zer moduz moldatzen garen”.
Barikuko puntua garrantzitsua izango da bikote bientzat. Zazpi puntugaz, sailkapenean laugarren postuan daude Altuna eta Martija, lehenengo hiru bikoteekin berdinduta. Urrutikoetxea eta Aranguren seigarren postuan daude, lau puntugaz. Aurretik dute Peña-Albisu bikotea, bost punturekin. Beraz, hamabigarren jardunaldiko puntua berenganatu gura dute biek ala biek.
Irabaziz gero, sailkapenaren aurrealdean mantenduko lirateke Altuna eta Martija. “Zazpi puntuek erakusten dute txapelketa oso ona egiten ari garela. Hala ere, lehenengo bi postuetan sartu gura dugu, eta dena ematera aterako gara”, zehaztu du Altunak. Urrutikoetxea eta Arangurenentzat, berriz, txapelketan aurrera jarraitzeko garrantzia handiko puntua da barikukoa: “Partidu garrantzitsua da, baina ez da finala. Bai goitik bai behetik oso estu dago sailkapena. Beste bikoteek ere partidu garrantzitsu eta zailak dituzte eta gu saiatuko gara gurea egiten”.
Gakoak.
Partidu “oso berdindua” aurreikusten du Altunak, opari gutxien egiten duenak eta aurrean gehien asmatzen duenak irabaziko duen horietakoa. Lehendabiziko itzulian 22-4 irabazi zieten Urrutikoetxea eta Aragurenek Altuna eta Martijari, baina oraingo neurketa bestelako izango dela uste du Urrutikoetxeak: “Egun bakoitza desberdina da, eta frontoia ere aldatzen da. Partidu hartatik oso ondo jolasten ari dira eurek, seitik bost partidu irabazi dituzte, eta gu alderantziz ari gara. Azken partiduetan ez dugu irabazterik lortu. Beraz, nahiz eta aurrekoan irabazi, uste dut partida guztiz desberdina izango dela barikukoa”.
Faboritoak dira Altuna eta Martija, eta badaki Amezketako pilotariak. Hala ere, partidu zaila izango dela aurreikusi du: “Euren kontra ere faborito bezela atera eta 4 puntutan geratu ginen. Txapelketa honetan, argi ikusten ari da faborito askok gal dezaketela. Txapelketa ondo egituratuta dago, bikoteak ondo orekatuta daude eta partiduak berdintsuak izaten ari dira”.
Euren identitatea mantendu eta “betiko jokoa” egitera kantxaratuko dira Altuna eta Martija. Aurrelariak atzelariari lagundu beharko dio, eta txapatik gertuko tantoak bilatu beharko ditu Santanapen. Aurkariek, berriz, maila ona erakutsi beharko dute puntua eskruatzeko. “Aitorrek ondo eutsi beharko dio Juleni, eta nik aurrean erasotu beharko dut”, aitortu du Urrutikoetxeak. Aurkarien joko ona ere azpimarratu du: “Bikote indartsua da. Bai Jokin, bai Julen oso ondo jokatzen ari dira. Julen eusten eta pilotari ematen ari da, eta oso bikote zaila izango da irabazteko”.
Sentsazio desberdinekin ailegatu dira azken txanpara bi bikoteak. Unerik onenean heldu dira Altuna eta Martija, emaitzak egindako lanaren ondorioa dira. “Hiru partiduren faltan, partiduak sekulako garrantzia dauka. Puntu hauek garrantzia dute, baina baita aurretik lortutakoek ere. Bukaeran iruditzen zaizu amaierako puntuek bakarrik balio dutela, baina bidea aspaldi hasi genuen eta orain beste hiru partidu geratzen zaizkigu”, azaldu du amezketarrak.
Urrutikoetxeak eta Arangurenek, berriz, ez dituzte gustuko emaitzak eskuratu azken aurrez aurrekoetan. Saiatu dira lehiakorrak izaten, eta ahalik eta lan onena egiten, baina ez dituzte gura beste puntu lortu. “Ez ditugu esperotako emaitzak lortu. Ni pertsonalki gustura nabil, gozatzen ari naiz eta eskuetatik ere ondo nago. Asteko entrenamentuetan ere, gogotsu. Oraindik gure esku dago sailkapena. Hiru jardunaldi geratzen dira, badakit oso zaila dela sailkatzea, baina ez da ezinezkoa eta ahaleginduko gara”, onartu du Zaratamokoak.