Martxoaren 12tik 19ra ospatuko da Lekuek
Gaur gaurkoz, sei talderen kontzertuen berri eman dute: Za!, Merina Gris, Verde Prato, Numen, Acid Mess eta Skakeo. Datozen asteetan emango dute kontzertu gehiagoren berri.
Bederatzigarrena ere badator. Lekuek jaialdiari esker, martxoaren 12tik 19ra, musikaren kultura zabalduko da udalerrian. Lekuetako zazpi egun eta gauak musika-ekintza ezberdinez eta kontzertuez beteko ditu jaialdiak.
Zaletasunetik abiatzen den jaialdia da Lekuek, behetik gorakoa da, era parte hartzailean landutakoa, irekia, elkarlanean oinarritzen dena, eta autentikoa. Musikari eta musikazaleon bultzadari esker egiten dute jaialdia urtean-urtean, eta Gernikako bilgune ezberdinen ekarpena ere azpimarratzekoa da. Trinkete Antitxokoa itxi zutenetik, Astra eta Iparragirre Rock Elkartea dira jaialdiaren ardatz eta bultzatzaile nagusiak, baina gehiago ere badira Lekuek jaialdiagaz bat egiten dutenak: Lizeo Antzokia kasu. Aurten, leku berri bat estreinatuko dute, Kult Parnasoa.
Gernika-Lumoko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei lekua egitea izan da beti jaialdiaren helburua, eta aurten ere asmo berdinagaz bueltatu dira. Beste urte batez, herritarren kultura gogobeteko dute, bai herriko, bai munduko talde eta ekitaldiei esker.
Aurreko urteetan legez, zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte, baita tailerrak, erakusketak eta hitzaldiak ere. Gaur gaurkoz, sei talderen kontzertuen berri eman dute: Za!, Merina Gris, Verde Prato, Numen, Acid Mess eta Skakeo. Datozen asteetan emango dute kontzertu gehiagoren berri.
Jakinarazi dutenez, Gernikako Lekuek jaialdirako bonoak salgai jarri dituzte 25 eurotan, eta www.gernikakolekuek.com atarian eskuratu daitezke.
Dislokaziotik dator aurtengo Lekuek:
Gorputzez dihardut, gorputzetik dihardut
trokatu zait gogoa
sasitik nabil eraikitzen
Hezetauna orbainetan
miazkatuz zauriak
hitzak lokaduraz lotu
Gizenok espazioak betez
oker, trabes, makurrok, bidea gurea eginez
bihurri eta aldrebesok, kalea gurea eginez
baimenik eskatu gabe
Arakatzeak dakarren askatasunari men egin nahi diot
Gure gorputz, nahi eta desirek egin dezaten zuen beldurren lubaki
dislokatu ditzagun hitzak
disloka ditzagun bizitzak
birloka ditzagun hitzak
birloka ditzagun bizitzak
forma gabekook, amorfook
hartu eta egin, kaleak bete, okupatu
ezberdinaren kanporatzea, berdinaren infernua
eta gorputzaz defendatuz nor garen
ze haragiz eginak gauden
maitasunez eta giharrez
Distantzien disonantziak.
Naiz, ni nazenera iristear naiz, bidean naiz
pentsamendu erroa
dislokazioa
disloka azidoa
disloka akzioa