Urdaibai izan zen iaz Bizkaiko eskualderik bisitatuena
Joan den urtean %82ko hazkundea izan zuen Bilbao Bizkaira iritsi ziren turisten kopuruak, 1.033.305eko kopurura ailegatuz. Bisitarien %63,1ek Urdaibai aukeratu zuten.

Bizkaiko Turismo Behatokia 2021etik ateratako datuen berri enan dute gaur Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Cristina Mujika Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko zuzendariak: joan den urtean % 82ko hazkundea izan zuen Bilbao Bizkaira iritsi ziren turisten kopuruak. Urdaibai izan zen eskualderik bisitatuena, %63,1 bisitari kopuruagaz. Gainerako eskualde bisitatuenak Ezkerraldea (% 44,8), Eskuinaldea (% 43,9), Lea-Artibai (%24,8) eta Uribe Kosta (% 23) izan ziren.
Ostatu-gauen arloan ere berdin gertatu dela esan dute: 2.051.568 izan dira, aurreko ekitaldian baino %74,31 gehiago. Datu horiek bultzada dira turismoaren sektorearentzat eta 2022-2024 aldirako aurreikusten den susperraldia berresten dute, datozen hiru urteetan enpresa gehienek haztea aurreikusten duten industria bultzatuz. “Turismoa lehengoratzen hasteko fasean gaude. Argi dago, mugikortasun-murrizketak askoz ere txikiagoak direlako eta txertoek aurrera egiteak segurtasun eta konfiantza handiagoa ematen duelako, eta horrek bidaiatzeko gogo handiagoa dakarrelako. Hazkundeak ez garamatza oraindik pandemia aurreko mailetara, baina garrantzitsua da. Eta hazkunde hori badago, halaber, gure turismo-industriaren lanaren, kemenaren eta ahaleginaren ondorioz da, egoeretara egokitzeko eta, era berean, kudeaketa turistikoko erakundeekin lankidetzan, administrazio desberdinak garatzen ari garen lanera egokitzeko gauza izan delako”, azpimarratu du Basurkok.
Sarreren eta ostatu-gauen hazkundeagaz batera, batez besteko egonaldiaren portaera ere positiboa izan da, 2019koa baino pixka bat handiagoa izan baita, helmugako bi gauetatik gertu (1,99). Eta gauza bera gertatu da batez besteko gastuagaz, 2019ko 511,50 eurotik iazko 647 eurora igo baita; hazkunde hori ostatuetan eta jatetxeetan finkatu da.
Ainara Basurko: “Turismoa lehengoratzen hasteko fasean gaude. Eta hazkunde hori badago, halaber, gure turismo-industriaren lanaren, kemenaren eta ahaleginaren ondorioz da”
Ildo horretatik, Ekonomia Sustatzeko diputatuak azaldu du joan den urtean 2019ko emaitzen herena baino pixka bat gehiago berreskuratu dela, “bisiten kalitate onagaz, batez besteko egonaldiak eta gastuak erakusten duten bezala. Horregatik 2022tik 2024ra bitarteko aldia funtsezkoa izango da pandemiaren aurreko fluxuei dagokienez lortu nahi den susperraldia lortzeko, gure estrategia berriak aurreikusten duen bezala”. Gainera, bisitarien fluxua modu orekatuagoan banatu da lurraldean zehar. 2021ean bildutako datuek berriro berresten dute Bilbo dela oraindik ere erakarpen-gune nagusia, baina, era berean, adierazten dute kostaldeak eta barnealdeak portaera hobea izan dutela sarrera-zifrak lehengoratzeari dagokionez 2020agaz alderatuta. Hobekuntza hori % 97,53koa da barnealdean eta % 84,77koa kostaldean.
Turistaren profila eta asebetetze maila. Bisitarien profilari dagokionez, zenbait aldaketa daude jatorriaren arabera. Espainiako estatuko turistak 43,4 urte ditu batez beste, bikotekideagaz bidaiatzen du gehienbat (%55,2) eta ostatu tradizionala aukeratzen du (% 55,3). Nazioartekoak 45,8 urte ditu batez beste, %48,7k ostatu tradizionala aukeratzen du eta %45,5ek bikotekidearekin bidaiatzen du. Bisitatu duten lekuaren balorazio oso positiboa egiten dute, 8,2ko eta 8,53ko nota emanez, Bizkaia berriz bisitatuko luketen galdetu zaienean. Ostalaritza-establezimenduei eta mugikortasunari eta sarbideei emandako nota 7,93koa da.