Jose Mari Gorroñok Cenarrusa saria jaso du, memoria historikoaren alde egindako lanagatik
Cenarrusa Fundazioko epaimahaiak alkateak erakutsi duen euskara, adierazpen kulturala, euskal nortasuna eta giza eskubideak babesteko eta sustatzeko konpromisoa nabarmendu du.
Estatu Batuetako Idaho Euskal Kulturarako Cenarrusa Fundazioak izen bereko 2021eko saria eman dio Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateari, “memoria historikoaren alde egindako lanagatik, gobernu onarekiko konpromisoagatik eta foru herriaren hazkunde politiko, kultural eta sozioekonomikoa bultzatzeagatik”. Saria emateko data zehazteke dago oraindik, eta jakinarazi dutenez, pandemiak zehaztuko du egutegia.
Epaimahaiak euskara, adierazpen kulturala eta euskal nortasuna eta giza eskubideak babesteko eta sustatzeko alkateak erakutsi duen konpromisoa nabarmendu du: “Gernika leku atseginago eta modernoago bihurtzea izan da beti bere lanaren helburua. Betiere, nortasuna galdu barik, eta bere ondaren handiena oroimen historikoa dela ahaztu barik”.
Gorroñok Pete Cenarrusa ezagutu zuen Gernika-Lumo eta Boise senidetu zirenean, eta “ohore handiagaz” jaso du saria alkateak.
Cenarrusa Fundazioak esan du alkateak 2007an aginte makila lehen aldiz jaso zuenetik, Gernika nazioartean gehiago ezagutaraztea lortu duela: “Gernika nazioartean gehiago zabaldu du, eta Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika Sariak berrabiarazi ditu”. Halaber, gogoratu dute alkateak George Steer saria sortu duela mundu osoko kazetarien lana aitortzeko, eta monumentu garrantzitsuak bultzatu dituela: Pasealekuan gudariei eskainitakoa, 1926an estatutua Gernikan zin egin zuen Jose Antonio Agirre Lehendakari ohiari eskainitakoa, bonbardaketan alkatea izan zen Jose Labauriari eskainiakoa, edota 1937ko apirilaren 26an lehenengo bonbak erori ziren lekuan kokatutako Agonia del fuego lana gauzatu zuen Nestor Basterretxeari eskainitakoa.
Gorroñoren agindupean, gainera, bi babesleku berreraiki direla gogoratu dute, eta horiek Bonbardaketaren ibilbidea ibilbide turistikoaren parte direla adierazi dute: “Ibilbide historiko horrek hamahiru panel ditu, aire erasoari buruzko azalpenekin, argazkiekin eta testigantzekin”.