Gernikan Gabon zahar gauean izandako sexu erasoa salatuko dute gaur
Gernika-Lumoko Sare Feministak sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du gaurko [urtarrilak 7]; 19:30ean jarri du hitzordua Merkurion.
Gernika-Lumoko Sare Feministak eta Itaia Busturialdeak Gabon zahar gauean udalerrian egondako eraso matxista salatu dute. Erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du sare feministak gaurko [urtarrilak 7]; 19:30ean jarri du hitzordua Merkurion.
Gernika Rugby Taldeak ohar bidez jakinarazi du, indarkeria matxistaren “salaketa jasotako jokalaria klubetik kanporatu” duela, eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa berretsi du: “Gernika Rugby Taldeak klubeko jokalari batek indarkeria matxistaren salaketa jaso zuela jakin zuenean, inplikatutako jokalaria behin betiko taldetik kanporatzeko erabakia hartu zuen”. Errugbia kirol “bakezale, lagunkoi eta osasuntsua” dela adierazi du Gernika RTk, eta udalerriko taldeak balore horiekin bat egiten duela esan du.
Itaia Busturialdeak salatu du emakume langileak “babesgabe” daudela eraso matxisten aurrean, nahiz eta gizartearen gehiengoa berdintasunaren alde egon. Hori horrela, erantzun eraginkorrak hedatzeko bitartekoak antolatzea dagokiela esan dute, “irensten gaituen gizarte kapitalista gainditu eta indarkeria matxistak inolako lekurik izango ez duen gizarte komunista eraikitzeko”.