Ile-apainketa eta estetika zikloa, beste bost urtez Gernikan
2015-2016 ikasturtearekin batera ezarri zuten zikloa udalerrian, eta ordutik bost urterik behin adosten dute zikloa eskaintzeko eskumena udalak eta Eusko Jaurlaritzak. 1.396.077,78 euro emango dizkio Jaurlaritzak udalari, bost urteetarako, ikasturtez ikasturte banatuta.
Lanbide Heziketako ile-apainketa eta estetika zikloa beste bost urtez Gernika-Lumon ikasten jarraitzeko aukera izango dute herritarrek. 2015-2016 ikasturtearekin batera ezarri zuten zikloa udalerrian, eta ordutik bost urterik behin adosten dute Lanbide Heziketako zikloa eskaintzeko eskumena udalak eta Jaurlaritzak; eskumena onartuta, aurtengo ikasturtetik 2026ko ikasturtera arte heziketa zikloa eskaintzen jarraitzearen alde egin du udalak.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 1.396.077,78 euro emango dizkio udalari, bost urteetarako, ikasturtez ikasturte banatuta; 110.732 euro jasoko ditu 2020ko ikasturteagatik eta 225.893,56 2021ekoagatik. Eskuordetutako eskumen hori gauzatzeko behar diren jarduera materialen kudeaketa Lanbide Ekimenak toki erakundeak kudeatuko ditu hurrengo bost urteetan.
Heziketa zikloaren helburuak dira, besteak beste, prestakuntzaren eta enpleguaren arloko jarduerak garatzea, bai ikasleek euren kabuz, bai arlo horretan eskumena duten administrazio publikoekin lankidetzan, bai erakunde pribatuekin, baita adierazitako helburuak osatzeko edo hobetzeko aukera ematen dien beste edozein jarduerarekin batera.
33 ikasle. Bi kurtsotan banatzen da ile-apainketa eta estetika zikloa, eta gaur gaurkoz 33 ikasle eta lau irakasle ditu; 17 ikaslek izena eman dute lehenengo mailan, eta 16 ikaslek, berriz, bigarrenean.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak adierazi du Bizkaiko hainbat herritako ikasleak direla, eskualdetik haratagokoak: “Gernika-Lumoko, Bermeoko, Mundakako, Ibarrangeluko eta Foruako ikasleez gain, Lekeitioko, Zornotzako, Lemoako, Berrizko, Bediako zein Areatzako ikasleak ari dira ile-apainketa eta estetika zikloa ikasten. Eskualdeaz haratagoko herritarrei euren bizilekuetan ez duten beste zerbitzu bat eskaintzen diegu”. Garrantzitsua dela ikasteko aukera desberdinak eskaintzea dio alkateak.
Gogoratu du Lanbide Heziketako zikloa egiten duten ikasleek Erasmus+ programan parte hartzeko aukera dutela bigarren mailan, eta duela bi urteko ikasleak Italiara joan zirela azpimarratu du.