Lizeo Antzokiko jarlekuak aldatuko ditu udalak
Hamabi eserleku gutxiago izango ditu, mugikortasun arazoren bat duten pertsonentzako iriste erraztasuna hobetzeko. Aldaketa 2022ko uda aurretik eginda egotea espero du udalak.
Lizeo Antzokiak dituen 344 jarlekuak aldatuko ditu Gernika-Lumoko Udalak. Gaur egungo eserlekuak ez daude egoera onean, eta horiek aldatzeko erabakia hartu du udal gobernuak. Hala dio Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak: “Duela 20 urte jarritako aulkiak dira Lizeo Antzokian daudenak, ez daude egoerarik onenean, eta aldatzeko beharra ikusi dugu. Datorren urtean Lizeo Antzokia zabaldu zenetik 40 urte igaroko dira, eta aldaketa behar du aretoak”.
Aldaketagaz, hamabi eserleku gutxiago egongo dira, 344 eserleku izatetik 332 izatera igaroko baita eraikina. Izan ere, aldaketa horregaz, mugikortasun arazoren bat duten pertsonentzako iriste erraztasuna hobetu gura du udalak, “Lizeo Antzokia herritar guztientzako erosoa bihurtuz”.
Alkateak dio aldaketa “inbertsio kultural garrantzitsua” dela udalarentzat, 62.267,08 euroko aurrekontua erabiliko dutelako eserlekuak aldatzeko. Obra 2022ko uda aurretik eginda egotea aurreikusi dute udal ordezkariek.