Beñat Obieta arratzuarra txapeldunorde geratu da Bizkaiko Txinga Eroate Txapelketan
Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko kidea kinttopekoen 20 urtez azpikoetan sailkatu da bigarren.
Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko Beñat Obieta bere kategorian bigarren sailkatu zen Bizkaiko Txinga Eroate Txapelketan, domekan [azaroak 7].
Bilboko Altamira auzoko frontoian lehiatu zuten txapelketa, eta 20 urtez azpikoen kinttopeko proban Ugaitz Perez nagusitu zen, 35 kiloko txingekin 16 untze eta 3/4 eginda, eta Obietak 16 untze egin zituen. Beñat Ibañezek osatu zuen podiuma, 8 untze eta 2,68 m-ko markagaz, eta Aitor Rodriguez sailkatu zen laugarren, 7 untzegaz.
Bestalde, gizonezkoetan Ousmane Dramek eta emakumezkoetan Nerea Egurrolak jantzi zituzten txapelak. 50 kiloko txingekin 14 untze egin zituen Dramek, eta Eloy Salterain bigarrenak, berriz, 12 untze eta 2,03m egin zituen. Emakumezkoak 25 kiloko txingekin aritu ziren. Egurrolak 38 untzeko marka egin zuen, eta alde nabarmena atera zion Lucia Orbe bigarren sailkatuari. Hain zuzen, txapeldunordeak 16 untze, 3/4 eta 6,50 m egin zituen.
Asteburuko txapelketak. Bestalde, Busturialdeko kirolariek hainbat txapelketa jokatuko dituzte asteburu honetan.
Emakumezkoen Euskadiko ingude-jasotze, lasto-altxatze, txinga-eroate eta lokotx-biltze txapelketak lehiatuko dituzte zapatuan [azaroak 13], 11:00etan hasita, Mungiako Matxin plazan. Ingude jasotzearen proban, zortzi kirolariren artean erabakiko da aurtengo txapelduna, eta bertan ariko dira Piratak Herri Kirol Klubeko Iraide Gezuraga eta Amaia Mendinueta. Lokotx biltzean sei emakume ariko dira zein baino zein gehiago, tartean, Irantzu Onaindia gernikarra. Onaindia txapeldunorde geratu zen Bizkaiko Txapelketan , eta Valentina Rangel bizkaiko txapeldunak ere parte hartuko du Euskadiko Txapelketan.
Egun berean, gizonezkoen Euskadiko lasto-jasotze eta lokotx-biltze txapelketak hartuko ditu Laukizko frontoiak, 19:00etatik aurrera. Lokotx-biltzean sei parte-hartzaile egongo dira, horien artean, Patrik Saitua gautegiz arteagarra eta Aritz Martin gernikarra. Martinek Bizkaiko txapelketa irabazi zuen irailean, Gautegiz Arteagan, eta Saitua bigarren sailkatu zen.
Bestalde, Bizkaiko Trontza Misto Txapelketa jokatuko dute domekan [azaroak 14], Fikako frontoian. Piratak Herri Kirol Klubeko hiru bikote egongo dira: Xabat Erleaga-Amaia Mendinueta, Ane Albizu-Bingen Erleaga eta Iraide Gezuraga-Salva Erleaga. Egungo Bizkaiko txapeldunak diren Mikel Agirrek eta Uxue Ansorregik ere lehiatuko dute txapelketa. Aurrekoan, Iraide Gezuraga eta Salva Erleaga bigarren sailkatu ziren.