Aritz Martinek eta Valentina Rangelek irabazi dute Bizkaiko Lokotx Biltze Txapelketa
Irantzu Onaindia gernikarra eta Patrik Saitua gautegiz arteagarra bigarren sailkatu dira. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan alde estua egon da lehenengo bien artean.
Gautegiz Arteagan jokatu zuten Bizkaiko Lokotx Biltze Txapelketa domekan [irailak 5], eta Aritz Martin gernikarra eta Valentina Rangel getxoztarra nagusitu ziren.
Emakumezkoetan zein gizonezkoetan alde estua egon zen lehenengo bien artean. Sei minutu eta 32 ehunenetan amaitu zituen lanak Martinek eta hamalau segundo gehiago behar izan zituen Patrik Saitua gautegiz arteagarrak. Ibai Sanz sailkatu zen hirugarren. Oier Ibergallartuk eta Sanzek zazpi minutu eta hemeretzi segundotan burutu zuten txapelketa, eta milarenengatik erabaki zen hirugarren postua.
Emakumezkoetan bi segundoko aldea egon zen lehenengo bien artean. Zortzi minutu eta hamabi segundoko marka egin zuen txapeldunak, eta Irantzu Onaindia gernikarra geratu zen txapeldunorde. Iraide Gezuraga arratzuarrak osatu zuen podiuma; bederatzi minutu eta 52 segundoko denbora egin zuen.
Busturialdeko ordezkaritza zabala egon zen txapelketan, aipatutakoez gain, Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko Aiora Otazuak, Xabat Erleagak eta Beñat Obietak parte hartu zuten. Emakumezkoetan bost kirolarik eta gizonezkoetan bederatzik lehiatu zuten txapelketa.
Askotariko herri kirolak. Bizkaiko txapelketaz gain, domeka eguerdian Gautegiz Arteagako frontoian batu zirenentzat aizkora eta harri jasotze saioak eskaini zituzten. Aizkoran, Atutxa II eta Gisasola IVak eman zuten erakustaldia, eta Gisasola Va aritu zen harriak jasotzen.
*ARGAZKIAK: TXEBI ARRIAGA