Asistentzia lanei buruzko lanketa egingo dute Astran
Busturialdeko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak deituta, asistentzia lanei buruz aritzeko jardunaldiak prestatu dituzte. Zapatuan izango da lehenengo saioa.
Asistentzia lanei buruzko dinamika bat abiarazi du Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak, eta gaiari buruzko lanketa egingo dute Busturialdean. Horretarako, asistentzia lanei buruzko jardunaldiak antolatu dituzte.
Asistentzia lanen gaur egungo antolaketak emakume langileen “zapalkuntzan” betetzen dituen funtzioetan sakontzeko beharra ikusi dute Busturialdeko Itaiako kideek. Baita emakume desberdinen ekarpenak jasotzeko beharra ere.
Hori horrela, bost saio prestatu dituzte: “Datozen asteetan gai desberdinen inguruan arituko gara, bi data garrantzitsuren bueltan”. Emakume langileen nazioarteko eguna den martxoaren 8ari eta etxeko langileen nazioarteko eguna den martxoaren 30ari buruzko gaiak jorratuko dituzte.
Zapatuan egingo dute lehenengo saioa. Bertan, estatuak zein enpresa pribatuek eskaintzen dituzten zaintza eta bestelako asistentzia zerbitzuez ariko dira, “horiek izango duten bilakaeran sakonduz”. Gaia lantzeko bi ideia izango dituzte kontutan: krisi ekonomikoa eta ongizate estatuaren gainbehera, eta, erreprodukzio sozialari dagozkion emakume langileen “zapalkuntzaren” adierazpenak.
Egitaraua:
- Otsailak 27. 12:30ean, Astran, Zaintza merkantilizatua krisi garaian gaiari buruzko hitzaldia egongo da.
- Martxoak 6. 11:00etan, Astran, martxoaren 8a prestatzeko lan egingo dute.
- Martxoak 8. Emakume langileon nazioarteko eguna.
- Matxoak 27. 12:00etan, Astran, Etxeko langileen egoeran sakontzen izeneko proiekzioa eskainiko dute.
- Martxoak 30. Etxeko langileen nazioarteko eguna.