Jaurlaritzak Urdaibaiko kontserbazioa bultzatu gura du
Urdaibaiko hezegunea proposatu du Next Generation proiektuen parte izateko. Urdaibaiko Erreserba Biosferaren leheneratze, eraldaketa ete erresilientzia plana egiteko 35,6 milioi euro aurreikusi ditu Eusko Jaurlaritzak
Hezeguneen Mundu Mailako Eguna da gaur, nazioarteko hezeguneak babesteko Ramsar hitzarmenaren sinaduraren omenez; hitzarmena Iranen sinatu zen 1971ko otsailaren 2an, eta nazioartean garrantzikoak diren hezeguneen kontserbazioa sustatzen du. Eguna aprobetxatuta, Eusko Jaurlaritzak kontserbazio naturala bultzatzearen aldeko apustua egin gura du, eta Urdaibaiko eta Txingundiko hezeguneak proposatu ditu Next Generation proiektuen parte izateko, “krisialditik suspertzeko erresilientzia elementu gisa”.
2030erako garapen jasangarrirako helburuekin bat etorriz, hezeguneei beste bultzada bat ematea da Jaurlaritzaren asmoa, “ingurumen-estrategia zeharkako politika izateko, eta ingurumenaren defentsa espezie guztientzako eta gizakientzako oparotasun eta ongizate-eragile gisa aurreikusteko”.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak gobernu ekintza hiru ardatzetan antolatzen du: natura-ondarean ezagutza hobetzea; biodibertsitatea kontserbatzea eta haren balioa nabarmentzea; eta natura-balio handiko ekosistemak eta habitatak leheneratzea. 2026ra bitartean, lan horiek burutzeko 102,5 milio beharko direla aurreikusi du Jaurlaritzak: “Kopuru horretatik 18,5 milioi euro hartuko lituzke bere gain Jaurlaritzak eta beste 84 milioi euroak Europako finantzaketak izan beharko lirateke”. Zehazki, Urdaibaiko Erreserba Biosferaren leheneratze, eraldaketa ete erresilientzia plana egiteko 35,6 milioi euro aurreikusi dituzte.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 508 hezegune daude, eta horietako seik garrantzia berezia dute nazioarteko mailan, Ramsar zerrendan jasota daude-eta: Urdaibai, Laguardiako urmaelak, Txingudi, Salburua, Ulibarri-Ganboa eta Gesaltza Añana.
Uraren eta lurraren arteko elkartzeek egiten dituzte leku horiek biodibertsitate handiko ingurune, eta hori ospatzen da, bai eta hori babesteko beharra ere. Balio handiko ekosistemak dira hezeguneak, gizarteari ekartzen dizkioten “ekosistemen zerbitzu” ugariengatik; haietan izaten diren prozesuak, biodibertsitatea eta, oro har, fauna-aberastasuna eta, zehazki, aberastasun ornitologikoa kontserbatzeko gakoak, kate trofikoen mantentzea edo nutrienteen birziklapena, ur gezaren hornidura, besteak beste.
Sailburuak esan duenez, hezeguneak babestea erabakigarria da Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hezeguneetan biodibertsitatea leheneratzeko eta berreskuratzeko, eta, nabarmendu duenez, “administrazioen eta eragileen arteko ituntzea erabakigarria da ingurumena eta lurraldea berreskuratzeko lanean emaitza onak izateko”.
Hezeguneei balioa.
Urtero bezala, Urdaibai Bird Centerrek Hezeguneen Mundu-mailako Eguna ospatuko du gaur. Aurtengo ospakizuna ezberdina izango da, ezin delako Gautegiz Arteagako zentrora inor gerturatu. Hala ere, ate irekien egun birtuala ospatuko dute. 16:30ean emanaldi berezia eskainiko dute euren webgunean edota YouTubeko kanalean.
Emanaldian Gautegiz Arteagako padurak denbora errealean ezagutzeko aukera izango dute parte hartzen dutenek. “Uraren, hezeguneen eta ekosistema garrantzitsu horien kontserbazioaren garrantziaz arituko gara”, azaldu dute Urdabai Bird Centerreko ordezkariek. Horrez gain, hegaztiak zuzenean eta xehetasun guztiekin ikusteko aukera ere izango dute.
Ikusi ahalko diren askok negua pasatzen dute Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako hezeguneetan.
Gautegiz Arteagako zentroak hezeguneek duten garrantzia ere azpimarratu gura izan du. Arduradunek diotenez, egun hori ospatzeak “garrantzia handia” dauka, “inguruan ditugun hezeguneak babestu eta bertan dauden bizidunak lasai bizi ahal izateko”. Izan ere, hainbat animalirentzat inguru horiek “beharrezkoak” dira; “esaterako, migrazioa egiten duten hegaztientzat”.